Esa handitzeko proiektua laugarrenez moldatuko dute, «eskuin hegala are gehiago egonkortzeko»

Ebroko Ur Konfederazioko presidente Maria Dolores Pascualek esan du moldaketa tramitatzen ari direla «arrazoi teknikoengatik»

Esako urtegiaren ateak, Nafarroan. JESUS DIGES / EFE.
Esako urtegiaren ateak, Nafarroan. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 21a
16:30
Entzun

Urriaren 26an, Ebroko Ur Konfederazioak onartu zuen Esako urtegia (Nafarroa) handitzeko lanak «behin-behinean etenda» zeudela, Rio Aragon elkarteak eginiko salaketaren ostean. Orain, konfederazioko presidente Maria Dolores Pascualek esan du zertarako gelditu dituzten lanak: proiektuan moldaketak egiteko. Pascualen esanetan, «arrazoi teknikoengatik» ari dira moldaketa hori tramitatzen, «urtegiaren eskuin hegalari egonkortasun handiagoa emate aldera». Iruñean izan da Ebroko Ur Konfederazioko presidentea, Eugiko urtegiaren 50. urteurrenaren karira antolatutako erakusketa batean, eta inaugurazio ekitaldian egin ditu adierazpenak.

Pascualek zehaztu du «zenbait lan» egin behar dituztela oraindik Esa handitzeko proiektuan, «hegala drainatzeko sistemak hobetzeko xedez, urak lur higidura handiagoak eragin ez ditzan». Proiektuaren laugarren moldaketa izanen da. Hala ere, konfederazioko buruak uste du urtegiaren segurtasun irizpideak «erabat normalak» direla, eta hura handitzeko lanek are seguruago eginen dutela: «Espainiako ingeniaritzak eskain dezakeen segurtasunik handiena izanen du, proiektu berri hauei esker».

Azpiegitura polemikoa

Azken urteetan, hainbat adituk txostenak aurkeztu dituzte obra horrek eragiten dituen arriskuak azaltzeko. 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten azpiegitura arriskutsua zela Esakoa. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlana aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, hegala «oreka hertsian» dagoela nabarmenduta. Eta 2020an, EHUk txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, aurreko ikerketetan esandakoa berretsiz.

Aurtengo maiatzean aurkeztu zuten Ingeotyc enpresako geologoek Esari buruz egindako ikerketa. Nabarmendu zuten «ziurgabetasun handia» dagoela hegalaren dinamikaren inguruan: «Esako urtegiaren eskuin hegalaren egonkortasuna ez dago bermaturik, eta, ondorioz, urtegiaren segurtasuna ere ez, ezta lurrikararik gabeko egoera batean ere». Irailean, Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, «mugimendua» antzeman zuen urtegiaren hegaletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.