Ur gelditan. Esako urtegia handitzeko lanak «erabat etenda» daude gaur egun, Rio Aragon eta Esa + Ez elkarteen arabera. Azpiegitura horren aurkako taldeek ohar bidez salatu dute Ebroko Ur Konfederazioak, gaur-gaurkoz, bi behargin baino ez dituela hor lanean: administrari bat eta segurtasun arduraduna. Taldeon arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Ebroko Ur Konfederazioarengana jo du BERRIAk argibide eta konfirmazio eske, baina ez du erantzunik jaso.
Lanak geldirik daudela ikusita, Rio Aragon eta Esa+Ez elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete «aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla ez bideragarriak ez arrazoizkoak», eta hortaz, «bertan behera» utz dezatela enpresa eraikitzaileekin sinatutako kontratua: «Proiektu osoa birplanteatu beharko litzateke, egungo presa sendotu eta ur maila segurtasun parametroetara itzularazi, orain arteko jardunbide negargarriak eragindako okerrak zuzentzeko».
Bi taldeek gogorarazi dute 22 urte igaro direla handitze lanen lehen harria jarri zenetik. «Ordutik, aurrekontua lau bider handitu da, orain arte gastatutako 400 milioi euroraino, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze edo Mianos bezalako herrietara». Horregatik uste dute, hainbeste urtere ostean, lanen etenaldiak arrazoia eman diela talde ekologistei: «Ebroko Ur Konfederazioak berak aitortu du zailtasun handiak dituztela proiektuaren 4. moldaketa bat onartzeko, eta ziur gaude adabaki horrek ere ez liekeela erantzunik emanen handitze lanek aspalditik dituzten egiturazko arazoei».