Ertzetik eta zentrotik e(ra)giten

Korrikak Lapurdin hasi du bigarren eguna, eta pasatu ditu lehen hiriburuak: Maule eta Donibane Garazi. Nafarroan Baztandik sartu da, Izpegiko lepotik barna, eta bihar eguerdian iritsiko da Iruñera.

Elizondon jende ugari elkartu du Korrikak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskaltzaleak lekukoa eramaten, Elizondon, gaur. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Aurizberri
2024ko martxoaren 15a
19:43
Entzun

«Ontsa zara?». «Bai, bai, Ontsa. Ez nintzen prest, baina zortzi kilometro egin ditut. Korrikarekin...». Lartzabalen (Nafarroa Beherea) lasterka eginda bazterrean geratu diren bi emakumeren arteko elkarrizketak argi erakusten du Korrikaren zera berezi hori. Nolako harrotasuna eragiten duen, nolako emozioa. Nola ahalduntzen duen euskalduna.

Inor ahaldundurik bada, Azterketak Euskaraz kolektiboko ikasleak dira horiek. Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleek hartu dituzte Lartzabaleko kaleak gaur, Brebeta euskaraz mezua kamisetan. Marea laranja bat bihurtu da herria. Mezua soinean, eta mezua kaleko afixetan: «Azterketak euskaraz. Eta kito!». 

Lehen eguneko jende oldearen ondoan, gaur goizean jende gutxiago batu da Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrixketan, baina izan dira betekadak ere: Maulen, Donibane Garazin, Baigorrin... Hain zuzen, Maule eta Donibane Garazi izan dira 23. Korrikak zapaldu dituen lehen bi hiriburuak. 07:00 aldera igaro da Mauletik, eta 11:00k pasatxoan Donibane Garazitik. Batean zein bestean zain izan dute eskola ume andana.

Handik, Azkarate, Irulegi eta Baigorri igarota (Nafarroa Beherea), Izpegiko leporako bidea hartu dute Korrikaren furgonetek. Kilometro aldapatsuak izan dira, neketsuak, eta gogorrak ere egin zaizkie zenbaiti. Baina izan du ordaina: Izpegiko gainean bizipoza izan da nagusi. Jendetzak egin dio ongietorria Korrikari ikurrina eta Nafarroako bandera erraldoien artean.

Sarri halakoa da Ipar Euskal Herrian euskalgintzan ari direnen jarduna ere; lan nekeza da, baina pixkanaka fruituak ematen ari dena. Orain urte eta erdi inguru prekaritatean zeudela salatu zuten, esaterako, AEK-ko irakasleek. «Alarma piztu genuen». Ihintz Olidenen hitzak dira, AEKren Ipar Euskal Herriko koordinatzailearenak. Ordutik egoerak hobera egin duela dio; behin-behinean, ordea: «Euskararen Erakunde Publikoarekin lanketa bat egin genuen, eta urtebeterako ezohiko diru laguntza bat lortu genuen; hala, gure sariak emendatzeko aukera izan genuen». 

«Guk beti eskatzen dugu hizkuntza politika publiko duin eta sendo bat, eta baliabide duinak ere behar ditugu».

IHINTZ OLIDEN Iparraldeko AEKren koordinatzailea

Alabaina, igaro da urtebete, eta laguntzak finkatzea dute orain xede: «Urtebeterako alde horretatik hobekuntza bat izan da; orain, hori egonkortu behar dugu, eta horretan ari gara». Ezinbestekoa iruditzen zaio duin lan egin ahal izateko. Izan ere: «Guk beti eskatzen dugu hizkuntza politika publiko duin eta sendo bat, eta baliabide duinak ere behar ditugu».

Euskara zabaltze aldera

Baliabide duinak, euskarak aurrera egin dezan. Izan ere, Olidenen esanetan, egun AEK da euskara ikasteko modu bakarrenetakoa. Azaldu duenez, sartze kanpaina «ona» egin zuten, eta 1.240 izen emate izan zituzten. Baina nabarmendu du oraindik badutela zereginik: «Gaur egun, etxea orekatu dugu justu-justu, baina horrek ez digu ematen proiektu berririk irekitzeko aukerarik».

Eta premia egon badago. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kaleko erabileraren neurketaren arabera, Ipar Euskal Herriko kaleetan ehun elkarrizketatik bost baino ez dira euskaraz. Datu adierazgarri bat: gehiago hitz egiten da gazteleraz euskaraz baino —gazteleraz dira elkarrizketen %7—.

Horretarako bideetako bat izan daiteke ofizialtasuna erdiestea. Eta horren aldeko oihuak ere egon dira Izpegiko lepoko igoeran: «Euskara ofiziala». 

Iparraldean ez da ofiziala, eta Nafarroan, erdizka. Eremu euskaldunetik barna sartu da Korrika Nafarroan Erratzutik, eta eguerdian igaro ditu Baztango zenbait herri: Arizkun, Elbete, Elizondo, Irurita... Baztanen aritzen da euskara teknikari Eneritz Rekarte. Azaldu duenez, euskarari arnasa ematen dio Baztanek: «Herri gehienak euskaraz bizi dira». Halere: «Datuak ez dira guri gustatuko litzaigukeen bezain onak».

«Errezeta zaharrak eman du eman beharrekoa; bide berriak ireki behar ditugu, kontzientziazioan eragiteko».

ENERITZ REKARTE Baztango euskara teknikaria

Izan ere, Euskal Herriko beste hainbat lekutan gertatzen den moduan, erruz dakite euskaraz, baina erraz antzera jotzen dute gaztelerara: «Azken urteetan ezagutzaren datuak gora egin duen arren, erabilerarenak beheiti egin du». Eta nola dago orain? «Baztanen hamabost herri ditugu, eta, kaleko erabileraren neurketaren arabera, hemen %69-70 da batezbestekoa». 

Ez dute jakiterik herri bakoitzeko datu zehatza, batezbestekoa ematen baitiete, baina «errealitate oso desberdinak» dituztela azaldu du: «Euskara ez da neurri berean aditzen Amaiurko kaleetan eta Elizondokoetan. Elizondo herririk handiena da, zentralitatea du, eta erdaldunena da». Horren aurka zer egin asmatzea du erronka: «Errezeta zaharrak eman du eman beharrekoa; bide berriak ireki behar ditugu, kontzientziazioan eragiteko eta emaitza onak lortzeko».

Bide berriak urratuko ditu bihar ere Korrikak. Pirinio inguruan pasatuko du gaua, eta, Irunberri eta Zangoza igarota, Iruñera iritsiko da eguerdirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.