Iraultza Txikien Akanpada

Ertzetan su txikiak piztera

Iraultza Txikien Akanpada martxan da asteazkenetik, Arteagako Basoa etxean, igandera arte. Herri mugimenduek elkarren berri izatea eta sareak eraikitzea hartu dute helburutzat antolatzaileek

Besteak beste, herri mugimenduetan izaten diren eraso matxistez jardun ziren atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Arteaga
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bildosola auzoan dago Basoa etxea (Arteaga, Bizkaia), zuhaitzen artean ezkutatuta. Seinaleei kasu eginda, bada bidezidor bat aparkalekutik hara heltzeko. Pankarta batek egiten die ongietorria Iraultza Txikien Akanpadara datozenei; eta, afixetan, lelo bat, proposamen modura: Piztuko dugu sua?. Herri mugimenduen topaleku izan asmo du. Asteazken arratsaldean hasi zen, eta, igandera bitarte, borrokarako, gogoetarako eta eraikitzeko topagunea izango da.

Garaiotan «sareak sortzeko» eta mugimenduak ezagutzeko aukera eskaintzen du egitasmoak, Olatz Tavalera antolatzailearen hitzetan: «Mundu hau errotik aldatzeko eta batasun politikoa eraikitzeko beharrizanak batzen gaitu». 2018an egin zen lehen aldiz. Hasierako asmoa «tarteka» egitea zen, Gorka Nobales antolatzaileak azaldu duenez: «Dinamika bat da, aldakorra; prozesu ireki eta parte hartzailea den heinean, halabeharrez gertatzen da hori».

Euskal Herrian eta kanpoan gertatzen diren «mugimendu txiki» horiek ezagutzeko eta «militatzen» duten horien artean «saretzeko» gune izan nahi duela esan du Tavalerak: «Galderak sortzea eta hausnartzea nahi genuke. Ez dugu erantzunik, ez dugu soluziorik, baina bai kezka». Parte hartzearekin «kontent» dago Nobales: «Etorri garen baino galdera gehiagorekin irtengo gara, baina baita gogoeta batzuekin ere, ikasiago». Herri mugimendua indartzeko «tresna» ere bada kanpaldia: «Ezagun gehiagorekin irtengo gara, kontaktu gehiagorekin eta zubi gehiagorekin. Hala, behar denean errazago batuko gara berriz».

Kanpin denden kremailerak zabaltzeaz bat hasi da goiza. Giharrak luzatzeko eta arnasketa sakontzeko ariketekin, falta ziren txandak bete eta egunaren nondik norakoak adostu dituzte asanbladan. Ondoren, gosaltzera elkartu da jendea. 10:00ak aldera, hiru txokotan banatu dira: krisi ekologikoaren ondoriozko mehatxu eta erronken hitzaldira joan dira batzuk; herri mugimenduetan jazotzen diren eraso matxistei erantzun kolektibo bat atontzera besteak; bada internazionalismoaren Latinoamerikako esperientziak entzutera joan denik; gainontzekoak zelaigunean lasai, bazkaria prestatzen edota txandak egiten egon dira. Haurrek ere aprobetxatu dute Basoa etxea. Sormen guneari eta lasai egoteko lekuari muzin egin diete askok. Igerilekuak irabazi du.

Hiru orduko tartea labur gelditu da karpa denetan. Asko galdera gosez gelditu dira, baina entsaladak eta dilistek ase dituzte Basoa etxean, bidea urratu duten bederatzi emakumeren irudien begiradapean. Bazkaloste musikatuak bide eman die arratsaldeko saioei: Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburuaren aurkezpena, trans borroka teoriarik praktikara eramateko hitzartze bat eta lurraren defentsan ari diren Latinoamerikako eta Euskal Herriko eragileen testigantzak.

Proposamen ugari

Sargoria gorputzetik kendu ezinda, sua piztu da Basoan. Ostegunak berea eman du etxebizitzaren borrokari helduz; euskal tradizioan sendabelarrei buruz dagoen jakintza ezagutzeko aukera ere izan dute, eta XXI. mendean independentismoa nola eta zertarako erabil daitekeen eztabaidatu dute. Afariak lekua egin dio gaubeilari. 23:00ak arte, Kiñu gaztetxean RAP gaua egon da Leizeren eskutik, eta Basoan, Mari Luz Estebanek Andrezaharren manifestua poesia emanaldia eman du. Kanpaldiak igandera arte iraungo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.