Bederatzi lagun bildu dira 09:55ean Izaskun Arrue kulturgunearen kanpoaldean. Ateak irekitzeko irrikan daude denak, baina bost minutu itxaron beharko dute horretarako. 10:00etan Luis Garciak, Lazarraga kultur elkarteko kideak, ireki ditu ateak, eta, ikastolan bezala, ibilbidea hasi aurretik zerrenda pasatu du: «Apuntatuta ditudanak baino gehiago zaudetela uste dut, baina ez da arazorik egongo». Atzo ireki zituen ateak kulturguneak, baina gaur izan dute herritarrek sartzeko aukera, eta Garciak argi du ez duela inor kanpoan utziko. Sartu orduko areto nagusia ikusi dute bisitariek, baina Garciak iragarri die lehenik beste leku batzuk ikusiko dituztela. «Areto nagusia amaierarako utziko dugu, bai?».
Eskailerak igotzen hasi dira orduan, eta emakume batek, arnasa sakon hartzearekin batera, zera gehitu du: «Zein garbi dagoen dena!». Garciak laster erantzun dio: «Ea orain zikintzen dugun!». Barre egin dute denek, eta lehenengo solairura igo dira, zuzen-zuzenean antzokia ikustera. Antzokia da kulturguneko espaziorik zabalena eta ikusgarriena. Hura hornitzen duten arkuak, leihoetatik sartzen den argitasuna, eszenatokia, dantzalekua... Elementu guztiek arnasgune itxura ematen diote Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea izango denari. «500 bat pertsona sartzen dira hemen, lau lagun metro karratuko», adierazi du Garciak. «Lekua polita da, baina txikia». Gizon bat hankekin metro karratu bat marrazten saiatu da, ostera bere gorputza espazio horretan lau aldiz sar daitekeen neurtzeko. Garciak barre artean, zera argitu du: «Bai, lau pertsona horiek oso ondo moldatu behar dira elkarren artean».
Antzoki ondoan dagoen tabernara joan dira gero. Itzalita dago dena, eta erabat antolatu gabe. «Oraindik neurria hartzen ari gara», aitortu du Garciak. Pub lizentzia izango du kafetegiak, eta 01:00etara arte irekiko du. «Leku txikia da, 35 pertsona sartzeko modukoa». Tabernaren ondoan komunak daude, eta horiek ere txikiak dira.
Eskaileretara itzuli, eta bigarren solairura igo dira denak. Antzokiko begiratokia dago bertan. Eta arkuetatik burua ateraz gero, antzokia osorik ikus daiteke. «Hemendik ere ikusi ahalko dira kontzertuak», azaldu du Garciak.
Antzokiko begiratokiaz gain, bi areto daude bigarren solairuan. Horietako batean sartu bezain laster, emakume batek galdetu du ea horiek alokatzeko aukerarik egongo den. «Bai, eta dagoeneko eskaera batzuk jaso ditugu», aitortu du Garciak. Gela zuriak dira, mahai handiak dituzte; «tailerrak, ikastaroak eta egonaldi artistikoak egiteko erabiliko dira bereziki». Forma bitxia dute, ertz asko dituzte —eraikin osoak bezala—, baita erabilezinak diruditen txoko batzuk ere. Garciak azaldu du zegatik: «Zapatari kaleko eraikin baten zatiak hartu ditu kulturguneak, eta ezertarako balio ez duten zonak geratu dira gelaren formaren barruan».
Aretoak atzean utzi, eta hirugarren solairura iritsi dira bisitariak. Kulturgunearen azken solairua da, eta langileen bulegoak daude bertan. Oraintxe Lazarraga kultur elkarteak lantalde txikia du —lau lagunek osatzen dute— eta ondo sartzen dira bulegoan, baina nahiko estua dela aitortu du Garciak. Neska bat lanean ari da Garciak bisita gidatua egin bitartean. Bero handia egiten du. «Atzoko eguna asko luzatu zenez, besteak etxetik lan egiten ari dira gaur, baina hau beteta dagoenean bizkotxo bat kozinatzeko adina bero sortzen da hemen». Leku freskoago baten bila joan dira laster bisitariak. Beste bi gela topatu dituzte; bulego itxura dute horiek ere. Garciak azaldu duenez, elkarteek erabiliko dituzte.
«Borobildu ditzagun ertzak»
Hirugarren solairuari azken gainbegirada eman, eta beheko solairura jaitsi dira denak berriz. Areto nagusia ikusteko unea heldu da. Mahai zuri eta luze batzuk daude bertan, eta aulki asko. Mahaien gainean hiru paretak osatutako paperezko figurak daude: gela bateko ertz baten itxura dute. Herritar guztiak aretora sartu direnean, Garciak hartu du hitza: «Ikusi duzuen bezala, kulturguneak ertz asko ditu. Eta gutako bakoitzak bere ertza bilatzen du. Bat aulki batean eseri da, bestea zutabe horien artean babestuta... Horregatik, zuetako bakoitzak paper bat hartu eta bertan zerbait idaztea eskatuko dizuet. Ertz horiek kulturgunean zintzilikatuko ditugu, eta zuek ere honen parte izango zarete».
«Ez dugu begira dagoen publikoa nahi, parte hartzen duena eta sortzen duena baizik»
LUIS GARCIALazarraga kultur elkarteko kidea
Errotuladore eta paper bana hartu dute bisitariek, eta bakoitzak, bere txokoan eserita, paperezko ertz bat hornitu du. Neska batek paretak apurtu dizkio, eta zera idatzi du: «Borobildu ditzagun ertzak, hartu arnasa eta bizi. Euskaraz bizi!». Beste batek pareta guztiak bete ditu esaldiekin: «Kultura kutsatu, euskaldun sentitu, kultura gozatu, euskal bizi». Esaldi bakar bat idatzi dute besteek: «Bertan goxo», «Dagoeneko hasi da», «Zorionak eta segi aurrera», «Euskara gure bihotza eta IAK gure etxea».
Esaldi horiek guztiak Izaskun Arrue kulturgunearen parte dira orain. Garcia pozik dago bisitaren amaieran: «Ez dugu begira dagoen publikoa nahi, parte hartzen duena eta sortzen duena baizik». Bederatzi lagunak kulturgunetik atera dira. Pozik daude; kulturgunearen ertz bat eurena da betiko.