Ertzaintzaren zaintzapean zegoen gizon baten heriotza ikertzen ari dira

Kontrol eta Gardentasun Batzordearen atariko txostenen arabera, poliziak ez daude auzipeturik. Ertzainen arabera, atxilotu eta biharamunean izandako bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz hil zen gizona, iragan abuztuan.

Ertzaintzaren auto bat Getxoko epaitegiaren (Bizkaia) aurrean, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ertzaintzaren auto bat Getxoko epaitegiaren (Bizkaia) aurrean, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 8a
11:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzaren zaintzapean zegoela gizon bat hil zen iragan abuztuan, GI-636 errepidean auto istripu bat eragin ostean atxiloturik zutela, Irundik gertu. Bada, heriotza hori ari da ikertzen Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea. Gizona ihes egiten saiatu zen motor gidari baten aurka talka egin ostean, eta Ertzaintza haren atzetik joan zen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Poliziarekin izandako ika-mikaren ostean bihotzekoak eman ziola adierazi zuen Ertzaintzak hango hartan, baina momentuan suspertu eta biharamunean ospitalean hil zela azpimarratu zuten. Eta Kontrol eta Gardentasun Batzordearen atariko txostenak ildo beretik jo du, agenteak ez baititu auzipetu eta heriotza «arrazoi naturalengatik» gertatu zela ondorioztatu baitu, oraingoz.

Iazko abuztuaren 28an gertatu zen. Ertzaintzak biharamunean argitaratu zuen oharraren arabera, motor gidariarekin izandako istripuaren ostean ihes egiten saiatu zen gizona; eta, hortaz, agenteek «zailtasunak» izan zituzten hura atxilotzeko. Are gehiago, istripuaren ostean «oso aztoratuta» zegoela eta beste oinezko batzuei mehatxu egin ziela kaleratu zuen Ertzainak. Eta atxilotzen saiatu zirenean agenteei «eraso» egin ziela nabarmendu zuen Poliziak. Ika-mika horretan, bihotz-biriketako geldialdian sartu zen; baina osasun langileek suspertu zuten, Ertzaintzaren arabera. Biharamunean hil zen, Donostiako ospitalean. Gainera, ika-mika horretan Guardia Zibila egon zela kaleratu du Eldiario.es hedabideak, istripuaren lekukoak aipatuz.

Gertatutakoaren ondoren barne arazoetarako ikerketa bat abiarazi zuela jakinarazi zuen Ertzaintzak, eta jazoeraren inguruko gorabeherak Kontrol eta Gardentasun Batzordeari helarazi zizkion.

Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen atariko txostenak Ertzaintzaren aurreneko adierazpen horrekin bat egiten duen arren, oraindik behin betiko txostenean ari dira lanean, poliziek izandako jarrera egokia izan ote zen ebazteko. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu zion txosten bat egiteko Irungo epaitegi batean auziaren inguruan abian den epaiketaren inguruan, otsailean.

Kontrol eta Gardentasun Batzordea 2019an sortu zuten, Polizia Legearen erreforma dela eta. Organo independente bat da batzordea, eta haren egitekoa da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen ekintzetan zaurituak edota hildakoak daudenean jazoerak aztertzen dituzten txostenak egitea. Iaz, GI-636 errepideko istripuaren ostean hildako gizonaren antzeko beste auzi bat ebatzi zuen: Ertzaintzak eta Astigarragako Udaltzaingoak atxilotutako gizon bat anbulantzia batean hil zen, 2024ko otsailaren 2an. Batzordeak, hango hartan, erantzukizunetatik salbuetsi zituen agenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.