Ertzaintzaren oldarraldiak erakusten dituzten afixek «gorrotoa» sustatzen dutela dio Erkorekak

Erne eta Esan sindikatuek ere gogor kritikatu dituzte kartelak, eta «ezker abertzaleko gazteekin» lotu dituzte

Josu Erkorekak bere Facebook kontuan jarritako irudia. JOSU ERKOREKA
2022ko urtarrilaren 29a
20:29
Entzun

Ertzain izateko deialdia, kanpaina ofizialaren lelo berarekin, baina manifestarien aurkako oldarraldi polizialak erakusten dituzten argazkiekin. Halako afixak agertu dira gaur Donostiako autobus geltokietako zenbait markesinatan, eta polizia sindikatuen haserrea eragin dute. Erne sindikatuak, esate baterako, Ertzaintzaren aurkako «gorroto erakustaldia» direla salatu du, eta kartelak jarri dituztenak auzibidean jartzeko eskatu dio Josu Erkoreka Justizia sailburuari.

Ertzaintzaren sindikatuak «ezker abertzaleko gazteei» egotzi die afixak jarri izana, eta Segurtasun Sailaren «erantzunik eza» kritikatu du: «Badago aukera gertaera hauek ikertzeko, eta difamazio kanpaina honen egileak identifikatu eta auzibidean jartzeko, gorroto erakustaldi honengatik». Are: Erkorekaren jokabide «onberak» ertzainei kalte egiten diela gaineratu du sindikatuak.

Esan sindikatuak ere dei egin dio Segurtasun Sailari, kritikaren egileak auzibidean jar ditzan. Horretarako, «baliabide tekniko eta kamara guztiak» erabiltzeko galdegin dio Erkorekari, «kanpaina sinatzen ez duten horiek identifikatzeko».

Poliziaren sindikatuen salaketaren ostean heldu da Erkorekaren erreakzioa: Ertzaintzaren oldarraldia agertzen duten afixek «gutxi batzuek duten gorrotoa» erakusten dutela idatzi du sailburuak Facebooken, eta gaineratu du ertzain edo udal polizia izateko lan deialdietara «6.000 edo 7.000 lagun» aurkezten direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.