Ertzaintzaren lan ituna izenpetu dute, eta urtean gutxienez 4.200 euro igoko diete soldata

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta ERNE, Esan eta SIPE sindikatuek sinatu dute akordioa. 2028ra arte egongo da indarrean. Afiliatuen %70ek baino gehiagok bozkatu dute akordio berriaren alde.

ErNE, Esan eta Sipe sindikatuetako ordezkariak, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua begira dutela, akordioa sinatzerako unean. IREKIA
ERNE, Esan eta SIPE sindikatuetako ordezkariak, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua begira dutela, akordioa sinatzen. IREKIA
Kerman Garralda
2025eko martxoaren 14a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzaren 2025-2028ko akordio arautzaile berria gaur sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta ERNE, Esan eta SIPE sindikatuek. Erandioko (Bizkaia) ertzain etxean egin dute sinadura ekitaldia. Aurrerantzean, ertzainek gutxienez 4.200 euro gordin gehiago irabaziko dituzte urtero, eta kontziliazioa errazteko laguntzak izango dituzte, besteak beste.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azpimarratu du akordioak «Ertzaintzak herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko eta modernizatzeko» balioko duela. Gaineratu duenez, «guztion inplikazioa beharrezkoa da gizarteak behar duen zerbitzu publikoa eraikitzen jarraitu ahal izateko».

Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldiko gobernu programako konpromisoetako bat zela ere gogoratu du. «Ertzaintzaren egitura hobetzea eta modernizatzea zen helburua». Ertzaintza «berrantolatu eta berregituratu» egingo dela adierazi du, eta lan deialdi bat iragarri du, lantaldea osatu eta 8.000 agentera iristeko.

ERNEko Sergio Gomez de Segura bozeramaileak adierazi du Ertzaintzak 42 urtean egindako akordio arautzaileetan onena dela hau, eta ekarpen ekonomikoa eta prestakuntzan eta materialetan aurreikusitako hobekuntza nabarmendu ditu.

Esan sindikatuko kide Roberto Palmak ziurtatu du akordio «historikoa» dela. Ertzaintzaren kolektiboari eta «euskal gizarte osoari» mesede egingo diola iragarri du.

Juan Carlos Saenz SIPEko ordezkaria ere bat etorri da, eta berak ere «historikoa» dela esan du. SIPEk sinatzen duen lehena dela nabarmendu du, eta «akordio handia» dela iritzi dio.

Hamarretik zazpi, alde

Duela hilabete pasa adostu zituzten akordioaren oinarriak, baina sindikatu sinatzaileen afiliatuen oniritzia falta zen. Bozkatu dutenen artean, %72,5ek alde egin dute, eta %27,4ek, kontra. Ez dute zehaztu zenbat ertzainek bozkatu duten.

Euspel sindikatuak akordioaren aurka egin du. Gaur Joseba Saralegi bozeramaileak esan duenez, haien ustez akordioa ez da nahikoa Ertzaintzak dituen gabeziak eta arazoak konpontzeko. Ertzainak Borrokan taldeak ere aurka egin du. Halere, bien artean ez dute ordezkaritza nahikorik ituna geldiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.