2018ko maiatzean, Ertzaintzak atxilo hartu zuen emakume migratu bat, ertzainei aurre egiteagatik etxerik gabeko pertsona bati jazartzen ari zitzaizkiola iritzita, eta Getxoko komisariara eraman zuten (Bizkaia), Han, ertzain batek jo egin zuen, polizia etxean grabatutako bideoak erakusten duenez. Epaiketan, sei hilabeteko zigorra ezarri zioten ertzainari. Emakumeak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko asmoa zuen, baina auzia itxi egin dute, prokuradoreari «ahaztu» zaiolako helegitea garaiz aurkeztea.
Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarretaratzea egin zuen atzo, Bilboko epaitegien aurrean, kasu hori salatzeko. Esan zutenez, auzian «hainbat joera kezkagarri» agertu ziren: «Hasieran, ezkutatu egin zuten bazeudela komisarian grabatutako bideoak; Silviari [hala du izena emakumeak] ez zioten zaurien argazkirik egin; torturen kontrako Istanbulgo protokoloa ez zuten ezarri; txosten psikologikoak ez zituzten onartu, eta abar».
Horregatik, eta epaian emakumeari desobedientzia delitu bat egotzi ziotelako, helegitea aurkezteko asmoa zuen. Baina orain jakinarazi dute prokuradoreari «ahaztu» egin zaiola hori egitea eta, hortaz, auzia itxita geratu dela.
«A ze kasualitatea berriro ere gertaera ilun eta susmagarriak jazo izana!», deitoratu du SOS Arrazakeriak. Elkarteari «sinestezina» begitatzen zaio auzia itxi izana horrelako «oker» bategatik, eta galdetu du ea normala den «ofiziozko prokuradoreari helegitea aurkeztea ahaztea, eta hori konpontzeko modurik ez egotea».
SOS Arrazakeriaren ustez, gertatutakoak agerian uzten du «Poliziari emandako babes politikoa, erakundeen arrazakeria, emakume migratuen kontrako indarkeria, eta justiziaren aurreko berdintasunik eza».
Lehenengo epaia Bizkaiko Auzitegiak eman zuen, 2023ko azaroan, eta EAEko Auzitegi Nagusiak aurtengo martxoan berretsi zuen. Epaian frogatutzat jo zuten ertzainak emakumea jo egin zuela, eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Horrez gain, 900 euroko isuna eta zigorrak iraun bitarteko kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri zioten, eta biktimari 12.400 euro ordaintzera kondenatu zuten, kalte moralengatik.