Tolosako inauterietan, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz begi batean larri zauritutako gaztea ospitalean dago oraindik ere, proba medikoak egiten jaurtigaiak emandako begian. Haren aita Jon Pazosek BERRIAri jakinarazi dio «kristalinoa kaltetua» daukala, erretina askatua izateaz gain, eta, kolpea «indarkeria handikoa» izan zenez, «ondorioak» izango dituela aurrerantzean. Ondorio horien neurria eta zehaztasuna ez dago jakiterik oraindik, ordea.
Begiaren kristalinoak oinarrizko funtzioa du ikusmenean: enfokatzeko eta argitasuna behar bezala jasotzeko oso garrantzitsua da. Hura kaltetua duenez, lente artifizial batekin ordezkatzea da aukera bat, Pazosek azaldu duenez, baina horrelako esku hartze baten ondorioak ezin dira jakin orain. Segurutzat jo du, ordea, ondorioak izango dituela gaztearengan.
Medikuek asteartean adierazi zuten ebakuntza gaur egitekoak zirela, baina atzeratzea erabaki dute, oraindik ere begia puztuegia baitauka gazteak. Barruan duen odolbildua txikitzen ari zaio, eta «begiaren barrukoak bere onera» itzultzen ari dira. Proba mediko gehiago egingo dizkiote gaur, eta, horien arabera, baliteke bihar egitea ebakuntza. Hamabost puntu eman dizkiote begi inguruan, jaurtigaiak eragindako kolpea ere osatuz joan dadin.
Ezinegonak gora
Hala, familiaren kezkak eta ezinegonak gora egin du azken orduetan, gaztearen zauriari buruzko informazio gehiago jaso ondoren. Astelehen goizaldean, inauterietan, liskarrak sortu ziren Tolosan, eta gazte hori larri zauritu zen; hark esandakoaren arabera, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek eragin zion zauria. Pazosek garbi utzi zion egunkari honi emandako elkarrizketan 16 urteko gaztea «festa giroan» zegoela foam jaurtigaiak jo zuenean, Tolosako Alde Zaharrean, «eta ez istiluetan».
«Kaleratu dute istiluak sortu zirela taberna batean eta, gero, kalera zabaldu zirela. Edozein herritako festetan, kale batean jende asko nahasten da festa giroa dagoenean. Tabernak dauden eremuetan are gehiago», esplikatu zuen Pazosek. «Kalean istiluekin zerikusirik ez zuten asko zeuden, eta ez dago eskubiderik horiek denak nahasteko. Semearen inguruko lehen informazio batzuek nahastu dute istiluekin. Oldarraldiak egon zirela esan, eta segidan gazte bat ospitalera eraman dutela kaleratu dute. Aita gisa esan nahi dut hori ez dela horrela. Nire semea ez zen liskarretan parte hartzen ari; kalean zegoen, festa giroan».
Erkorekaren promesak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak atzo nabarmendu zuen Ertzaintzak «bere kabuz eta gardentasunez» eman zuela istiluen berri, eta ikerketa abiatu duela. «Ertzaintza bera izan da ikertzeari ekin diona, hasierako diligentziak ireki dituena, inoren salaketaren zain egon gabe, eta aurrera doa ikerketa». Gainera, azaldu zuenez, Tolosako epaileari auzitegi mediku bat izendatzeko eskatu zion, gazte zauritua aztertu zezan eta bere ebazpena eman zezan, «zehaztuz zauriak zer-nolakoak diren, zer neurritakoak, zein jatorri duten, eta zer-nolako ondorioak izan ditzaketen».
Pazosek BERRIAri berretsi dionez, Tolosako epaile batek ere abiatu du ikerketa ofizioz, eta gaztearen familiak salaketa jarri du, akusazio partikular moduan. «Abokatuaren esku dago dena», esan du gazte zaurituaren aitak.
Atzo Iturenen (Nafarroa) elkarretaratzea egin zuten «indarkeria polizialaren aurka» jotzeko eta familiari elkartasuna adierazteko. «Ertzaintzak biolentzia neurrigabea» erabili zuela salatu zuten. «Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu Ertzaintzak jendez beteta zegoen kale horretan izandako jokaera. Zoritxarrez, horrelako gertakariak ez zaizkigu berriak egiten. Ez al dute azken urteetan deus ere ikasi?», galdetu zuen protestara elkartutakoek.
Larunbat honetan, berriz, mobilizazio bat egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, 12:00etan, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek gazteari eragindako zauri larria salatzeko.