Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurasun sailburuak gaur azaldu duenez, Ertzaintzak hiru proba egingo ditu 2021ean Ertzaintzaren patruilen jarduerak grabatzeko. Hiru proba horiek Bilbon, Gasteizen eta Irunen (Gipuzkoa) egingo dituzte, eta etorkizunean Poliziaren jarduera oro grabatzea izango da helburua.
Hiru probek 855.000 euroko aurrekontua izango dute. Probatuko den sistemaren funtzionalitatea zehaztu, ezarri eta moldatu nahi dute hiru proba horiekin, etorkizunean patruila guztietara zabaltzeko. Proiektuen digitalizaziorako eta berrikuntza teknologikorako diru sailean sartu dute gastu hori.
Partida horrek 13,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, besteak beste, telekomunikazio sistema berezko eta seguru bat izatea ere jaso dute, "polizia eta larrialdietako zerbitzu guztiek komunikazioa bermatua izan dezaten, ekin eta biziak salbatzeko". Datorren urtean 691,8 milioi euroko aurrekontua izango du Segurtasun Sailak, aurten baino %3,1 gehiago.