Ertzaintzan dagoen «hondamendia» salatu dute Ernek eta Esanek

Sindikatu horietako ordezkarien arabera, Ertzaintzan indarrean dagoen polizia ereduak «porrot» egin du. Mobilizazioak egingo dituzte aurki

Ertzainen mobilizazio bat, Eusko Legebiltzarraren aurrean, 2018ko martxoan. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hondamendia. Kaosa. Porrota. Berba potoloak erabili dituzte Erne eta Esan sindikatuetako ordezkariek gaur egun Ertzaintzan dagoen egoera definitzeko. Haien esanetan, ertzainen ilusio eta motibazioa «inoizko mailarik apalenean» daude, asko dira gaixotasun agiria lortu eta lanera joateari uzten dioten ertzainak «estresak eta antsietateak» jota, eta horrek, haien aburuz, baditu erantzuleak: Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko arduradun politikoak.

Erne sindikatuko Roberto Seijok eta Esaneko Unai Garabietak, Eneko Urkijok eta Enrique Hernandok azaldu dute zein den euren ustez Ertzaintzan gaur egun dagoen egoera. Esan dutenez, Ertzaintzaren arduradun politikoek eredu berria ezarri nahi izan dute, baina horrek «porrot» egin du, beste hainbat arrazoiren artean, giza baliabide nahikorik ez dutelako —egun 7.300 ertzain daude eta, sindikatuen arabera, 8.000 beharko lukete— , eta horrek hainbat ondorio utzi ditu: besteak beste, «prestakuntza falta, lan baldintza duinen gabezia, lan hitzarmen berri eta duinik eza eta krisi garaian galdutako eskubideak ez berreskuratzea».

Ertzaintzaren sindikatuen arabera, beste ondorio bat ere izan du eredu horren «porrotak»: herritarrak «gehien kezkatzen dituzten delituek» gora egin izana.

Sindikatuetako ordezkariek eman dituzten datuen arabera, 2017tik 2018ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %36 igo dira genero indarkeria delituak, %12 ohiko lapurretak, %57 etxeetan egindako lapurretak eta %37 iruzurrak. Gainera, ertzainek uste dute Eusko Jaurlaritza saiatzen ari dela datu horiek «ezkutatzen».

Itxaro aldia «amaitutzat»

Sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, ertzainak «etsita» daude, herritarrengandik «urruntzen» ari direla eta Segurtasun Sailean «aldatzeko itxurarik» ez dagoela ikusita, eta, horregatik, «itxaro aldia amaitutzat» jotzea eta «aldarrikapenak kalera eramatea» erabaki dute.

Laster mobilizazioei ekingo diete, eta, esaterako, otsailaren 19an elkarretaratzea egingo dute Sestaoko (Bizkaia) ertzain etxearen aurrean, eta handik manifestazioa egingo dute Barakaldoko (Bizkaia) udaletxeraino. Bi herri horiek aukeratu dituzte, euren datuen arabera, Bizkaiko Ezkerraldean hazi delako gehien delitu kopurua. «Herri horietako alkateei esan nahi diegu beraiek ere presioa egin behar dutela», esan dute. Aurrerago, protesta beste herri batzuetara eramango dute.

Gainera, iragarri dute harremanetan jarriko direla UEFA eta beste kirol erakunde batzuekin, eta jakinaraziko diete zalantzak dituztela Ertzaintza «prestaturik» ote dagoen 2020ko Eurokopako futbol txapelketari eta antzeko beste kirol ekitaldiei behar besteko erantzuna emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.