Zalaparta ez da baretu. Ertzainen lan baldintzak hobetzeko proposamena eguneratuko duela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta horren inguruko proposamena helarazi die gaur Ertzaintzako ERNE, Esan, Euspel eta SIPE sindikatuei; horiek, ordea, proposamena baztertu dute. Jaurlaritzak ostiraleko negoziazio mahaira eroango du testua; batzarrera joango direla adierazi dute Ertzaintzako sindikatuek.
Protestan ari dira sindikatuak eta Ertzainak Borrokan taldea: besteak beste, lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira. Horren harira, hurrengo egunetarako mobilizazioak ere iragarri dituzte: bihar eta hilaren 27an, Gasteizen egingo dituzte protestak; eta 29an, Bilbon, Frantziako Tourra abiatu baino bi egun lehenago.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur esan du Ertzaintzako sindikatuei ostiraleko negozio mahairako proposamen bat bidali diela. Proposamen horretan, 37 neurri zehatz daude jasota, ertzainen lan baldintzak hobetuko lituzkeenak. 18 milioi euroko gastua ekarriko luke, Jaurlaritzaren esanetan.
ERNE, Esan, Euspel eta SIPE sindikatuek, baina, dokumentua baztertu dute, eta Erkorekari «kontzentratzeko» eskatu diote: «Horrela ez dugu ezer konponduko».