Ertzaintzak Xabier Atristain atxilotu du Donostiako Parte Zaharrean, 13:00etan. Handik Martuteneko espetxera eraman dute. Espainiako Auzitegi Gorenak atzo bere zigorra berriro ez aztertzea erabaki ondoren, Atristain bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salak —aske utzi zuen berberak—, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Otsailean geratu zen aske Atristain. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiak «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola, ez baitzion utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak Atristainen zigorra etetea erabaki zuen otsailean, Gorenak Estrasburgoko sententziaz ebatzi artean. Atzo, baina, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen inkomunikazio aldian egin zuen deklarazioaz gain badirela froga gehiago Atristainen kontra, eta deklarazio horiek gabe ere epaileak zigor ondorio bera atera izanen luketela. Ondorioz, ez du onartu haren aurkako hamazazpi urteko espetxe zigorra berrikustea.
Baina kontraesanezko jauzia egiten du sententziak. Izan ere, aipatzen du Estrasburgok erraten duela Atristainen zigorra «nagusiki deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen» dela: «Deklarazio horiek funtsezkoak izan ziren material esplosiboa aurkitzeko». Lehergai horiek froga gisa erabili izana ez du zalantzan jartzen, ordea, eta gaineratzen du horiek ez ezik «bertze akusatuen inkulpazioak, lekukoen deklarazioak eta akusazioaren galderen aurrean demandatzaileak izandako isiltasuna ere» erabili zituztela.
Bost hilabete hauetan jomugan izan da Atristainen auzia. Estrasburgok inkomunikazio aldiaren kontra hartu zuen ebazpenaren ondoren, Etxeratek, Sarek, EH Bilduk eta Sortuk eskatu dute Atristainen aldeko neurri hori beste euskal preso batzuei ere ezartzeko. Hala egin zuten Gorka Palaciosen eta Juan Carlos Iglesias Chouzasen kasuan; biak preso daude oraindik ere, baina beste zigor batzuk dituztelako betetzeko. Atristainek 11 urte eta erdi egin ditu kartzelan. 2010ean atxilotu zuten. Sei hilabete lehenago bere burua Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuen, eta aske utzi zuten frogarik gabe. Gorenaren erabakiaren ondoren, Atristainek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegite bat aurkez dezake.
«Injustua eta amorragarria»
Sortuk sare sozialen bidez adierazi duenez, «injustua eta amorragarria» da Atristain atxilotu izana: «Xabier eta beste guztiak kalera atera arte borrokan segituko dugu», adierazi du Twitterren. Etxerat-ek eta Sarek ere Gorenaren atzoko sententzia gaitzetsi dute goizean, artean Atristain atxilotu gabea zela. Etxerat euskal presoen senideen elkarteak «haserrea» adierazi du epaiagatik, eta gogorarazi du euskal preso gehiagori ere eragiten diela: «Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia berria aplikatu behar zuen, preso asko aske uztea ahalbidetuz; izan ere, publikoa eta nabarmena denez, hainbat preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpazioa egindakoak, atxiloaldian konfiantzazko abokaturik izan ez zutenak».
Sarek adierazi du «ezohikoa» dela Gorenaren erabakia. Presoen eskubideen aldeko mugimenduaren arabera, sententziak «erabateko mespretxua» adierazten die Europako auzitegiek hartutako erabakiei: «Espainiak, Europako Batasuneko estatu kide gisa, errespetatu beharko lituzkeenak». Sarek salatu du Espainiako Auzitegi Gorenak «ideologia» lehenesten duela, eta horrek «sinesgarritasunari eta konfiantzari» dagokionez Europako rankingean azken postuetan uzten duela Espainia, «Birmaniaren eta Turkiaren pare». Epaia «giza eskubideen urraketa larria» da, Sareren hitzetan: ontzat ematen du «atxilotuen babesgabetasun juridikoa» eta defentsarako eskubidea ukatzea.
Sarek elkarretaratzera deitu du gaurko: 19:00etan bilduko dira, Donostiako Bulebarrean.