Ertzaintzak Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea zentro soziala hustu du gaur goizean. Hustea salatzeko, protestara deitu dute gaur arratsalderako. Txabarri plazatik hasita, manifestazioa egingo dute herritarrek, 19:00etan.
Goizean goiz joan dira ertzainak eraikina hustera, eta zentrorako sarbideak itxi dituzte. Bertako kideek sare sozialen bidez eman dute egoeraren berri, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Ikusi gehiago
Zenbait gaztek 2012an okupatu zuten Txabarri auzoko eraikin hori, eta horrela sortu zen Txirbilenea izeneko zentro soziala. Urte hauetan, kulturaren eta gizarte arloko lanaren erreferentzia izan da herrian bertan, baita Bizkaian ere. Besteak beste, musika emanaldiak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatu dituzte. 2024ko hasieratik, gainera, zaintza lanetan aritzen diren emakume migratuen bizitegi komunitarioa ere egon da han.
Iazko urrian, Sestaoko Udalak eraikina husteko agindua eman zuen, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Sestaoko eragile ugarik orduan salatu zuten horrek kale gorrian utziko lituzkeela eraikina bizitokitzat daukaten emakumeak.