Ertzaintzak Mikel Karrerari leporatu dizkio ETAk Beasainen hil zituen bi ertzainen hilketak

Baimen judizialarekin, euskal presoei lagin genetikoak hartu dizkietela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta horri esker lotu dutela Karrera atentatuarekin. Ikerketaren emaitza Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskuetan utzi du Ertzaintzak.

Lannemezaneko espetxe aurrean 2016an euskal presoen sostenguz egin zen elkarretaratzea. BOB EDME
2022ko ekainaren 19a
23:12
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak Mikel Karrera euskal presoari leporatu dio ETAk 2001ean Beasainen (Gipuzkoa) hil zituen bi ertzainen hilketak: Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegirenak. Jaurlaritzak azaldu du duela 21 urte bildutako frogak berriro ikertu dituztela, eta ondo gorde izanari esker ondorioztatu dutela Karrerak atentatu horretan parte hartu zuela. Ikerketak irekita jarraitzen du, pertsona gehiagok ere parte hartu zutelakoan, baina lehen ondorio hori Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du Ertzaintzak, Segurtasun Sailaren arabera.

Argitu gabeko ETAren atentatu guztiak tarteka berriro ikertzen dituztela azaldu du Seguratasun Sailak, egileak epaitu ditzaten. Mijangos eta Arostegi 2001eko azaroaren 25ean hil zituzten tiroz, trafikoa bideratzen ari zirela. Segurtasun Sailak ohar batean gaineratu du atentatuaren ostean Karrerak atentatua egiteko erabili zuen autoa aurkitu zutela, Beasainen bertan, hura eztandarazteko lehergailua baliogabetu ostean. Horri esker, Ertzaintzak auto horretan hainbat ebidentzia genetiko atzeman zituen, oharraren arabera.

Halaber, Segurtasun Sailak jakinarazi du atentatua egin zen garaian «ETAn modu aktiboan zeuden» euskal presoei kartzelan lagin genetikoak hartu dizkietela baimen judizialarekin, eta «genetika forentsean izan diren aurrerapenei esker» Karrerari hartutako laginak positibo eman zuela ekainaren 9an. Zehazki, autoan aurkitutako goxoki baten azalean zegoen laginarekin alderatu dute Karrerari hartutakoa. Horrez gain, Seguratasun Sailak dio atentatua egin zen lekuan aurkitu zituzten bala zorroak ETAri Frantzian polizia operazio batean atzemandakoko arma bati dagozkiola.

Mikel Karrera Lannemezango kartzelan dago (Okzitania). Karrera 2010ean atxilotu zuten, Baionan, eta bizi osorako espetxe zigorra ezarri diote birritan; 2013an lehen aldiz, eta 2015ean ondoren. Azken epaiketa horretan, Jean-Serge Nerin polizia frantsesa hiltzea leporatu zioten. 2017an, Nerinen hilketaren epaiketan, Izaskun Lesaka euskal presoak idatzi bat irakurri zuen, poliziaren hilketan eragindako «min politiko eta humanoa» aipatuz. Espainiako Auzitegi Nazionala aztertzen ari zen apirilean Karrera Espainiaratzeko eskaera, ETAk 2004tik egindako atentatuengatik «gizateriaren aurkako krimena» leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.