Mantso doan prozesu judizialean beste mugarri bat jar dezake Ertzaintzak Zaldibarko zabortegiaren inguruan egindako ikerketa batek. Krimen Gaietarako Ertzaintzaren Ingurumen Saileko ikertzaileek epaileen esku utzitako txostenaren arabera, «kriminaltasun zantzuak» daude «ustez delitu izaera duten ekintzetan». Izan ere, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta lurralde antolaketari buruzko arauak urratu.
Ikertzaileek Durangoko 1. Instrukzio Epaitegiari azaroaren 22an bidali zioten txostenaren arabera, Verter Recycling 2002 SM enpresak eraikuntzak eta hondakin isurketak egin zituen ez-urbanizagarri gisa kalifikatutako lursailetan. «Ikerketaren arabera, jakin daiteke Zaldibarko zabortegiaren eraikuntzako obra batzuk udalak eta ingurumen organoak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak) baimendutako eremutik kanpo egin zituztela», dio txostenak.
Ikusi gehiago:300.000 metro kubo: zabor azpiko 124 igerilekuak
Hala, ikertzaileen arabera, enpresak gutxienez bi arau urratu ditu: Zaldibarko Udalak emandako irekitze eta jarduera baimena eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako Ingurumen Baimen Bateratua (IBB). Izatez, zabortegirako, 137.259 metro koadroko eremu bat erabil zezakeen Verterrek: 6. poligonoko 63, 64, 65 eta 155 lursailak. Alabaina, erabilitako eremua askoz zabalagoa izan zen: %47,10 handiagoa. Guztira, onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen Verterrek, hamahiru futbol zelairen pare. Zehazki, honako lursail hauek baliatu zituen, baimendutakoez gain: 58, 59, 60, 98 eta 105 lursailak. Lur eremu horren zati batek nekazaritza eta abeltzaintza jarduerarako kalifikazioa zuen, eta beste batek, baso ustiaketarakoa.
Ertzaintzak nabarmendu duenez, okupatutako lurretan ingurumena hobetzeko eta babesteko proiektu bat garatzeko asmoa zuen Zaldibarko Udalak, besteak beste aisialdi, arrantza eta hegaztien behatze jarduerak egiteko.
Ikertzaileek zehaztasunez landu dute zertan erabili zuten baimendu gabeko eremu hori: batetik, zabortegiaren ontzia, ustiatzeko bidea eta eraikin osagarriak egiteko; bestetik, zabortegiaren mendebaldean hartutako beste lursailean hondakinekin betelanak egiteko; eta, azkenik, zabortegiko hondakinak eta materialak kudeatzeko eraikitako Eitzaga izeneko plataforma aurrera eramateko.
Geyserrek ohartarazi zion
Zabortegiaren ontziaren eta bidearen zati bat ez ezik, aldagela eta etxebizitza moduan erabili zuten eraikin bat ere baimenik gabeko eremu batean eraiki zuten. 5.532 metro koadroko eremu bat hartu zuten, eta Geyser ingeniaritza aholkulariak ohartarazi zion Verterri baimendu gabeko eremu batean egitekoa zela obra horiek, eta beharrezko tramiteak egin behar zituela egoera arautzeko. «Verterrek sekula ez zuen halakorik egin», ondorioztatu dute Ertzaintzako ikertzaileek.
Lur berriak jabe pribatuei erosi zizkien Verterrek, banakoen arteko akordioen bidez, eta administrazioari jakinarazi gabe. Esate baterako, mendebaldeko hegiko hondakindegiko betelanerako 15.000 metro koadro erosi zizkien Felix Gorrotxategiri eta Maria Jesus Ines Arrondori. Bertan, betelanak egin zituzten zabortegiko materialekin. 165.000 metro kubo lur pilatu zituzten 2020ko otsailaren 6ra bitartean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek horren berri eman zuten 2019ko ekainean eta uztailean egin zituzten ikuskatzeetan. Hala adierazi zuten bisitei buruzko aktan: «Ingurumen organoari jakinarazi gabeko aldaketa ez-funtsezkoa egin dute, basoaren eskuineko hegalean lur betelan bat eginez, 50.000 tona ingurukoa».
Jaurlaritzak ohartarazpena egin zion Verterri, baina hark argudiatu zuen IBBa errespetatuz ari zela jarduera horiek aurrera eramaten. 2020ko otsailaren 21ean, zabortegia amildu ostean, Iñaki Arriola Jaurlaritzako orduko Ingurumen sailburuak zigor espedientea ireki zion Verterri, «IBBaren oinarriak ez betetzeagatik». Urte bereko urrian, Jaurlaritzak 100.000 euroko isuna paratu zion enpresari arau hauste larria egotziz, kutsaduraren kontrolerako eta prebentziorako legea urratzeagatik. Verterrek helegitea jarri zuen erabaki horren aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta epaileen ebazpenaren zain dago oraindik.
Auziak aurrera jarraitzen du
Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitu zantzuak ikusi baditu ere, epaileari dagokio beste kausa bat irekitzea edo ez. Oraingoz, irekita dagoen auzi bakarra ingurumenaren aurkako delituaren ingurukoa da. Kausa horrek instrukzio fasean jarraitzen du, eta, besteak beste, herri akusazioak esku hartzen du. Horren barruan, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak parte hartzen dute. Zabortegiaren kolapsoaren hirugarren urtemugaren harian, igandean, Zaldibar Argituk deituta, 12:30ean omenaldi bat egingo diete Eitzaga auzoan Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hildako langileei.
Oraingoz, epailearenetik pasatu dira Verterreko arduradunak —Jose Ignacio Barinaga, Juan Etxebarria eta Arrate Bilbao— eta uko egin diote deklaratzeari. Ondoren, inputatu gisa haiek ere, Lurteteko bi aholkulari geoteknikok ere agertu behar izan dute epailearen aurrean. Hurrengo asteotan, zenbait atzerapen izan ostean, epailearenera joan beharko dute Moyua Construcciones enpresako bi arduradunek eta Cimas Aholkularitzako batek, lekuko gisa. Horiek hilaren 22rako deitu ditu epaileak. Martxoaren 23an Cedexeko eta Soningeo Ingurumen Aholkularitzako perituek deklaratuko dute. Ondoren, martxoaren 28an, Geyser-HPCko bost teknikarik agertu beharko dute, eta, apirilaren 20an, Jaurlaritzako hiru teknikarik, guztiek ere ikertu moduan.
Hain zuzen ere, akusazioek itxaropena dute azken horien adierazpenek inputatze gehiago ekartzeko, aintzat hartuta haien arduradunik ez dagoela oraingoz inputatuta kausa honetan.
Zaldibarko zabortegia. Amiltzearen 3. urteurrena
Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitua ikusi du Zaldibarren
Durangoko epaitegiari helarazitako ikerketa baten arabera, zegokion baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Verter Recycling SM enpresak, Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu