Ertzaintzak kanporatu egin ditu Donostian itxita zeuden ikasleak

Unibertsitateko Indar Batasuna taldeko ikasleak astelehenetik zeuden itxita Filosofia Fakultatean, EHUri lan egiteko leku bat eskatzeko

Manifestazioa egin zuten ikasleek, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ertzaintzaren furgoneta talde handi bat heldu zen herenegun gauean Donostiako Ibaeta auzora. Han dago EHUko campusa, eta Filosofia Fakultatea. Horretan itxialdia egiten ari zen ikasle talde bat astelehenetik, Unibertsitateko Indar Batasuna taldeak deituta, EHUri lan egiteko leku bat eskatzeko. Ertzainak istiluen aurkako materialarekin sartu ziren fakultatera, eta ikasleak banan-banan atera zituen. Ez zen istilurik gertatu. «Beste behin, agerian geratu da EHUk ezagutzen duen aterabide bakarra errepresioa erabiltzea dela», salatu zuten ikasleek.

2019. urtean sortu zuten Unibertsitateko Indar Batasuna, EHUko ikasle eta langileen baldintzak hobetzeko eskatzeko. EHUko errektoretzari lan egiteko leku bat eskatzeko abiatu zuten itxialdia. «Ibaetako ikasleok, azpiegitura beharraren faltan eta dekanotzaren prestasunik eza dela-eta, Zorroaga aretoa hartzea erabaki genuen», adierazi du UIBko kide batek, Twitterren bidez. «Dekanotzak Ikasle Mugimenduaren espazioa izan dena kendu ostean alternatibarik ez duenez aurkeztu, gure aukera bakarra gela bat hartzea izan da».

Elkarrizketa ikasleekin

EHUk agiri bat plazaratu du gertaeron inguruan. Adierazi duenez, unibertsitatea «harremanetan» egon da astelehenetik Filosofia Fakultatean itxitako ikasleekin, eta haiekin «elkarrizketa bat eduki du egoerari irtenbide baketsu eta bideragarri bat aurkitzeko». EHUk gaineratu du elkarrizketa proposamena aurrera eramateko itxialdia gelditzeko baldintza jarri ziela ikasleei. Itxialdian 60 pertsona ere elkartu zirela adierazi du unibertsitateak, eta horrek izurriarengatik ezarritako neurriak urratzen zituela.

UIBko ikasleek EHUren «gezurrak eta difamazioa» salatu dituzte: «Inoiz ez gara egon 60 aldi berean». Ukatu dute errektoreordearekin «zuzeneko harremanik» izan dutenik, eta kanporatzeagatik ikasleek jasandako «kostu errepresiboen» absoluzioa eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.