Atzo ziren hastekoak Beasainen (Gipuzkoa) Loinatz jaiak. Udalak, ordea, bertan behera utzi zituen alarma egoera dela eta. Hala ere, atzo herriko plaza bateko terrazetan zeuden gazte talde batzuek jaiei hasiera ematen dien Mariren jaitsiera irudikatu zuten farol baten inguruan, segurtasun distantzia mantendu gabe. Minutu pare bat inguru izan zen, tabernak ixtear zirenean, baina hori jasotzen duen bideoak asaldura eragin du sare sozialetan eta hortik kanpo. Ertzaintzak esan du ikerketa bat irekiko duela eta bideoan agertzen direnak identifikatuz gero, isuna jarriko diela alarma egoeraren segurtasun neurriak hausteagatik. Segurtasun sailak jakinarazi du Ertzaintza joan zela gertatutakoaren berri izan ostean, eta gazteak joan egin zirela. Arantxa Tapiak prentsaurrekoa eman du eguerdian, eta, horri buruz galdetuta, zuhurtzia eskatu du, eta pandemian hil direnak gogoan hartzeko.
Aitor Aldasoro alkateak Euskadi Irratian esan du «auz olotsa» sentitu duela irudiak ikustean: «Ez du ez buru eta ez hanka horrela aritzeak. Udalak ezohiko bilkurara deitu du gaur goizean. Gazteetako bat, gainera, Maddi Imaz, EH Bilduko zinegotzia da, eta dimisioa aurkeztu du ohar baten bidez, eta barkamena eskatu. «Atzo gertatutakoaren harira, arduragabekeriaz jokatu nuen, eta hori ez dator bat EH Bilduk orain arte izan duen jardunarekin pandemia honetan». Eskatu du ez leporatzeko EH Bilduri bere jarreraren ardura. EH Bilduk ere atera du ohar bat: «Beasaingo EH Bilduk adierazi nahi du bart gauean gure herrian gertatutakoa ezin daitekeela errepikatu. Arduraz jokatzea beti da ezinbestekoa, baina are gehiago Covid19a dela-eta bizi dugun egoeran eta, beraz, gure taldeko zinegotzi batek bertan parte hartu izana ez da onargarria. Horregatik ontzat ematen dugu bere dimisioa».
Dantza horretan parte hartu zuten gazteek ere ohar bat atera dute, eta barkamena eskatu dute: «Lehenik eta behin, barkatu. Ezin dugu besterik esan. Atzoko egunean gertatutakoaren ardura guztia gure gain hartzen dugula helarazi nahi dizuegu, bertan parte hartu genuenak damututa aurkitzen garelako». Gazteek diote festa giroan zeudela eta pote batzuk hartu ondoren egoera eskuetatik joan zitzaiela, «COVID-19ak eragindako egoera honen kontzientzia erabat galdu». Azpimarratu dute «beroaldi» bat izan zela, eta eskatu dute ez jartzeko horren ardura euren gurasoengan. «Gure pertsonak epaitu nahi badituzue, eskubide guztia izango duzue, baina gure gurasoek ez dute atzo gertatutakoarekin zerikusirik».