Ertzaintzak hiru ekintzaile antiespezista atxilotu ditu Aquariumean egindako eserialdian

Nor mugimendu antiespezistak deituta, elkarretaratzea egin dute Aquariumen, eta zenbait ekintzailek eserialdi bat ere egin dute eraikinaren barruan. Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu, eta bederatzi identifikatu.

Gaur eguerdian egindako elkarretaratzea, Donostian. JON URBE / FOKU
Gaur eguerdian egindako elkarretaratzea, Donostian. JON URBE / FOKU
2024ko azaroaren 1a
16:15
Entzun

Nor mugimendu antiespezistak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Donostiako Aquarium parean, Animaliak giltzatuz gero, erresistentzia espero lelopean. Hortik haratago, baina, zenbait ekintzaile Aquarium barrura sartu dira, eta eserialdi bat egin dute barruko tunelean, «bertan dauden norbanakoen askatasuna aldarrikatzeko». Ertzaintzak atera ditu handik, eta horietako hiru atxilotu ditu, desordena publikoko delituak eta erresistentzia larria egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Azaroaren lehenarekin egin ohi duten ekintza da elkarretaratzea, eta «animaliek jasaten duten zapalkuntza» eta hainbat enpresak hartatik ateratzen dituzten etekinak salatu dituzte bertaratutakoek. «Itsasoa bizileku duen norbaitek, ez luke kaiola honetan bizi beharko», kritikatu dute antolatzaileek, eta gehitu dute Aquarium turistentzako «atrakzio» bilakatu dutela: «Turistek Donostia itotzen jarraitzeko tresna».

Hala, une horretan, zenbait ekintzaile Aquarium barrura sartu dira, eserialdi bat egiteko. Hiru ordu inguru egin dituzte han. Bitartean, Ertzaintza bertaratu da, eta eraikina husteko agindu du. Bisitariak atera direnean, barruan ziren ekintzaileengana jo du, eta horiek kanporatu ditu. Nor mugimenduaren esanetan, «bortizki» atera dituzte: «Erresistentzia ekintza pasiboa izan arren, Poliziak indarrez eta arrastaka atera ditu». Atxilotu dituzten hiru lagunez gain, agenteek beste bederatzi lagun ere identifikatu dituzte, eta desordenengatik eta erresistentzia arinagatik ikertuko dituzte, Segurtasun Sailaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.