Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Espainian, haur pornografia egitea, edukitzea eta banatzea egotzita

Genero-indarkeria salaketa batetik abiatu zen ikerketa, salatutako gizonaren etxean haurren sexu abusuen artxiboak aurkitu zituztelako. Zaragozan atxilotu dute.

Ertzain bat, atxilotuaren ordenagailua aztertzen. ERTZAINTZA
Ertzain bat, atxilotuaren ordenagailua aztertzen. ERTZAINTZA
jakes goikoetxea
2025eko martxoaren 22a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzak genero-indarkeria kasu baten salaketa jaso zuen iaz. Ustezko erasotzailearen etxea miatu zuten, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). 11 gailu elektroniko jaso zituzten bertan, eta, gailu horiek aztertzean, haurren sexu abusuekin lotutako argazkiak, bideoak eta elkarrizketak aurkitu zituzten. Haurren sexu abusuen ia artxibo guztiak mezularitzako sare sozial batetik deskargatu zirela ondorioztatu zuen Ertzaintzako Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiak.  

Konfiskatutako materialaren datuak aztertu zituzten, eta ustez era horretako materiala partekatzen zuten sare sozialeko komunitateak arakatu. Ertzaintzak material hori banatzen zuen pertsona identifikatu zuen. Ikerketak Zaragozara (Espainia) bideratu zuen Ertzaintza, eta iragan asteazkenean 34 urteko gizon bat atxilotu zuten bertan. Haur pornografia egitea, edukitzea eta banatzea, adingabeari sexu erasoa egitea, exhibizionismoa, sexu probokazioa eta grooming delituak egotzi dizkiote. Internet edo sare sozialen bidez egindako sexu jazarpena da grooming-a: heldu batek haur edo gazte plantak egiten ditu aurrena haur eta gazteekin harremanetan jartzeko, gero haiekin konfiantza izateko, eta azkenik helburu sexualekin lotutako jokabideren bat izateko edo abusuren bat egiteko.

Bideoak sakelakoan eta etxean

Gizona Zaragozan atxilotu ahal izateko, Ertzaintza harremanetan jarri zen Espainiako Poliziarekin. Elkarrekin atxilotu zuten. Atxilotuaren etxea miatu zuten. Sexu abusuekin lotutako «material ugari» aurkitu zuten, Ertzaintzaren arabera. «Era berean, egiaztatu zuten pertsona horrek jarduera bizia zuela izaera pedofiloko talde eta kanaletan, material hori lortzeko eta beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko». Bere sakelako telefonoan eta etxean hainbat bideo aurkitu zituzten, non gizona azaltzen zen adingabe batekin «sexu harremanak» izaten.

Atxilotua Zaragozako guardiako epaitegiaren esku utzi zuten, eta epaileak espetxeratzeko agindu zuen. Ertzaintzak ez ditu ikerketak amaitu, eta ez du baztertu jende gehiago atxilotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.