Ertzaintzak diligentziak ireki ditu larunbatean Bilboko Guggenheim museoa bi orduz itxiarazi zuen objektu susmagarriak lehergailu bat simulatzen zuela egiaztatu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du argitzeko objektu hori nork jarri zuen eta izua pizteko asmoz jarri ote zuen.
Larunbat goizean, 10:00etan, Bilboko Guggenheim museoak ateak ireki baino minutu batzuk lehenago, «objektu susmagarri bat» aurkitu zuten, eta lanean zeuden museoko langileak kanporatu, sartzeko zain zeuden turistak urrundu, eta bi ordu eta erdiz itxita eduki zuten eraikina.
Ertzaintza joan zen lekura, objektua aztertzeko, eta, badaezpada, Mazarredo eta Abandoibarra kaleak itxi zituzten. Tranbia zerbitzua ere eten zuten inguru horretan. Paketean lehergailurik ez zegoela baieztatu ostean, operatiboa bertan behera utzi zuten, eta museoa zabaldu zuten atzera.