Ertzaintzak 31 urteko gizon bat eta 33 urteko emakume bat atxilotu ditu goizaldean, joan den martxoaren 8an Donostiako Bidebieta auzoan gizon bat hiltzea leporatuta. Epailearen aurrean deklaratu ostean, gizona espetxean sartu dute; emakumea, aldiz, aske geratu da, kautela neurriekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Martxoaren 8an, Ertzaintzak jakinarazi zuen ikerketa bat abiatu zuela gizon baten heriotza argitzeko. Gizonezko hori Bidebieta auzoan topatu zuen herritar batek, 02:00 aldera, konortea erdi galduta zuela. Larrialdi zerbitzuek Donostia ospitalera eraman zuten, baina handik ordu batzuetara hil egin zen.
Ertzaintzak ondorioztatu zuen indarkeria erabilita hil zutela gizona, hari lapurreta egin eta gero. Eta hilketa horren egileak identifikatzea ere lortu zuen.
Hala, joan den asteartean 31 urteko gizon bat eta 33 urteko emakume bat atxilotu zituen Donostian, gizona hiltzea eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Biktimaren sakelako telefonoa eta beste objektu batzuk atzeman zizkieten atxilotuei.
Segurtasun Sailaren arabera, bi atxilotuek aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituak egiteagatik.