Etxegabetzeak

Ertzaintzak bi familia etxegabetu ditu Gasteizko Prado kalean

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, familia horiek «argirik, erroldarik eta kontraturik gabe» bizi ziren, talde kriminal baten iruzurraren biktima izan ostean. Bihar beste etxegabetze bat izango da Idiazabalen.

Ertzaintza eta Udaltzaingoa Gasteizko Prado kaleko 4. zenbakiaren parean, gaur eguerdian. ARABAKO ALEA
Paulo Ostolaza.
2023ko irailaren 11
14:47
Entzun

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak bi familia etxegabetu dituzte gaur, sarrailagile baten laguntzarekin. «Etxegabetzeak gelditu!» oihu artean, Gasteizko Prado kaleko 4. zenbakia desjabetu dute eguerdian. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eman du abisua, eta dozenaka lagun elkartu dira han etxegabetuei babesa adierazteko eta etxegabetzeak gelditzea aldarrikatzeko.

Sindikatuak jakinarazi duenez, familia horiek talde kriminal baten iruzurraren biktima izan ziren. Martxoaren hasieran Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu zituen Gasteizen, etxebizitzen alokairuan iruzur egiten zuen talde kriminal bateko kide izatea egotzita. Azaldu zutenaren arabera, 30 pertsona ingururi egin zieten iruzur, eta, hainbat kasutan, mehatxatu ere egin zituzten. Kontraturik gabeko gelak berralokatzen eta erroldak faltsutzen aritu ziren.

Sindikatuak, martxoaren amaieran egindako agerraldi batean, kontatu zuen iruzur egin zieten pertsonen egoerak okerrera egin zuela Poliziaren esku hartzearen ondoren.«Kontraturik edo erroldarik gabe jarraitzen dute, etxegabetze mehatxupean, etxeetan pilatuta eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe. Gainera, argindarra behin eta berriz kentzen diete», salatu zuten.

Etxegabetzea Idiazabalen

Beste etxegabetze baten berri ere eman zuen joan den astean Goierriko Kontseilu Sozialistak. Bihar izango da, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Arimasagasti auzoan, 09:30ean, eta, salatu dutenez, etxegabetuko duten laguna kalean geratzeko arriskuan dago.

Kontseiluak, batetik, nabarmendu du hustu nahi duten etxea egoera txarrean dagoela. «Duela bizpahiru urte, sabaia gainera erori zitzaion, eta jabeak ez du konpondu», salatu du. «Izan ere, errentatzaileen irabaziak handitzeko, geroz eta egoera txarragoan dauden etxeak merkaturatzen dira, eta geroz eta gehiago dira baldintza negargarri horiek onartzera behartuta daudenak».

Bestalde, adierazi dute udala egoeraren jakitun dagoela, baina momentuz ez duela alternatibarik ziurtatu. Azkenik, gaitzetsi dute «etxebizitza legea eta moratoria ezkerreko alderdien propaganda elektoralistara bideratuta daudela» eta agerian geratu dela neurri horiek «etxebizitzaren arazoari erantzuteko duten irismen mugatua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.