Ertzaintzak gaurtik aurrera bere esku izango du portuetako segurtasuna

Ertzaintzak bere egin du Bizkaiko eta Gipuzkoako portu guztietako prebentzio eta segurtasun zerbitzuaren funtzioa. Bilboko eta Pasaiako portuetako herritarren arretarako bulegoak ere kudeatuko ditu.

Imanol Pradales lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuarekin batera, portuetako segurtasunaren inguruan hitz egiten Josu Bujanda ertzain buruarekin, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Pradales lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuarekin batera, portuetako segurtasunaren inguruan hitz egiten Josu Bujanda ertzain buruarekin, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Kerman Garralda
2025eko otsailaren 3a
13:40
Entzun

Ertzaintzaren esku egongo da gaurtik aurrera Bizkaiko eta Gipuzkoako portu guztietako prebentzioa eta segurtasuna. Hala jasoa zuen 1979an onartutako Gernikako Estatutuak: Ertzaintza Polizia integrala izango zela. 45 urte geroago etorri da eskumen hori.

Abrako nasan irudikatu dute zeregin hori. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Ricardo Barkala eta Joakin Telleria Bilboko eta Pasaiako portu agintaritzetako presidenteak.

Lehendakariak esan du «autogobernuan eta segurtasunean aurrerapauso bat» dela. Gainera, bertan lanean egongo diren agenteei zuzenean hitz egin die. Babesa adierazi die, eta esan du «harro» dagoela. «Badakigu ez duzuela huts egingo. Badakigu behar zaituztegunean beti hor izango zaituztegula».

Muskizko (Bizkaia) eta Errenteriako (Gipuzkoa) ertzain etxeetako lantaldeak indartu egin dira, haien esku egongo delako zerbitzua. Hogei agente gehiagok egingo dute lan Muskizen, eta sei gehiagok Errenterian.

Gernikako Estatutuaren 17. artikuluak jasotzen dituen funtzioak beteko dituzte poliziek. Alegia, Guardia Zibilarenak eta Espainiako Poliziarenak izango dira aurrerantzean ere atzerritarren gaiei, kontrabandoari eta iruzur fiskalari lotutako auziak. Gainerakoan sor litekeena, berriz, Ertzaintzak hartuko du bere gain, hala nola ordena publikoari eta pertsonaren babesari lotutako aferak. Guardia Zibil eta Espainiako Polizia kopurua mantendu egingo du Espainiako Gobernuak.

Datozen hilabeteetan aireportuetako segurtasun eskumen batzuk ere bereganatuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.