Iñigo Cabacasen auzian Ertzaintzak egindako «akatsetatik ikasi» duela adierazi du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Azaldu du Ertzaintzak gogoeta egin duela, eta bere jarduna hobetzeko neurriak hartu dituela, Iñigo Cabacasen kasua bezalakorik «errepika ez dadin». Epaiaren ondorioen inguruko azalpenak eman zituen atzo Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, EH Bilduk hala eskatuta. Cabacasen gurasoek alboko gela batetik ikusi zuten agerraldia.
«Gizartearen beharrak etengabe doaz aldatuz», adierazi du Beltran de Herediak. Horren aurrean Ertzaintza etengabeko «hobekuntzak» egitera behartuta dagoela azaldu du, eta sailburu denetik Ertzaintzaren jarduteko era moldatzen aritu direla. «Ordena publikoaren nahasmendu kasuetarako protokolo berri bat jarri dugu martxan, arau hausleengana zuzenean iritsi eta alboko kalterik ez eragiteko». Gaineratu du Cabacas hil zutenetik ez dela bota gomazko pilotarik. Horrez gainera, nabarmendu egin ditu Ertzaintzak egindako autokritika eta daukan «hobetzeko nahia» ere.
Sailburuak txalotu egin du Jorge Aldekoa ertzainburu ohiak onartu izana ez zutela «ongi» jokatu. «Keinu horrek berretsi egiten du zer polizia eredurekin ari garen lanean». Joan den astean, Aldekoak dimisioa eman zuen, eta, ertzainburu izateari utziko dion arren, ertzaina izaten jarraituko duela jakinarazi du Beltran de Herediak.
Oztopoak eta gezurrak
Ikerketan «oztopoak» jarri izana leporatu dio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Beltran de Herediari. Sailburuak erantzun du «guztiz okerra» dela akusazio hori: «Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman du Segurtasun Sailak». Manu Cabacasek, Iñigoren aitak, salatu du Beltran de Heredia «gezurretan» dabilela, epaileari ez zizkiolako zenbait froga eman. Horrez gain, jakinarazi du familiak eskaria egingo duela Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko.
Ertzaintzak «akatsetatik ikasi» duela dio Beltran de Herediak
Segurtasun sailburuak esan du neurriak hartu dituztela Cabacas auziko epaiaren ostean, «errepika ez dadin». Familiak «gezurretan» aritzea egotzi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu