Ertzaintzak aitortu du Hala Bediko kazetariak ez zuela «doloz» jokatu

Dozenaka lagunek babesa adierazi diote Mikel Saenz de Buruagari, epaiketa hasi aurretik

Mikel Saenz de Buruaga hedabideen aurrean hitz egiten, epaitegietan sartu aurretik, atzo. JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi irratiko kazetariak ez zuen Ertzaintzaren hesia apurtzeko asmorik izan. Hala uste du kazetariari nortasun agiria eskatu eta salaketa jarri zion ertzainak. Atzo izan zen epaiketa; epaileak zuzenean galdetu zion ertzainari ea Saenz de Buruagak «doloz» jokatu ote zuen, ala jendetzak bultza egin ote zion. Alegia, autoritateari desobeditzeko asmoa izan ote zuen, edota, gutxienez, hori onartzeko. «Berak ez, baina harekin zeuden beste batzuek, bai», zehaztu zuen ertzainak. «Buruzagi baten gisara ikusten nuen; batzuekin hitz egiten zuen, besteekin...», gaineratu zuen, kazetariaren jokabidea gogora ekartzerakoan.

Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian izan zen saioa. Mikel Saenz de Buruagak Segurtasun Saila eraman zuen auzitara, 2017an jarritako 602 euroko isunaren aurka egiteko: batetik, argudiatu zuen prozedura akatsek «babesgabetasuna» eragin ziotela; bestetik, berretsi zuen berak ez zuela egin zigortzeko moduko ekintzarik. Are, akusazioko abokatuak salatu zuen Saenz de Buruagari «informatzeko eskubidea urratu» ziotela. Bestalde, Segurtasun Saileko abokatuak prozedura akatsak ukatu, eta delitua egon zela berretsi zuen.

Saenz de Buruagaren bertsioa berreste aldera, bi kazetari eraman zituen akusazioak: goiz horretan Hala Bediko irratsaioko koordinatzaile lanetan zen kazetaria, eta Errekaleorren harekin egon zen lankidea. Defentsak, berriz, bertan egondako bi ertzain aurkeztu zituen: kazetaria identifikatu zuena, eta salaketa berretsi zuena. Biek zilegitasuna kendu zioten Hala Bediko langile txartelari. Halaber, poliziak gogorarazi zuen ez ziola kazetariari nortasun agiria eskatu azken horrek identifikazio zenbakia eskatu zion arte.

Bigarren poliziak hausnartu zuen Saenz de Buruaga zegoen lekuan zeudenek bazekitela «zertan ari ziren». Gaineratu zuen beste kazetari batzuk ingurutik «aise» mugitu zirela. Egun hartan, ordea, kanpoko hesia gainditzea ukatu zieten BERRIAri eta gainontzeko hedabide gehienei. Hala Bediko kazetariak han ziren Polizia heldu aurretik; horregatik lortu zuten bertan gelditzea.

«Gure lana egiteagatik»

Mikel Saenz de Buruagak gogora ekarri zuen gertatutakoa: «Ertzaintzak jipoitu gintuen, identifikatu gintuen gure lana egiteagatik». Nabarmendu zuen, bestalde, jokoan dagoena ez dela isuna bakarrik, baizik eta kazetariek lan egiteko duten eskubidea. «Hori irabaztera etorri gara».

Jendetza bildu zen epaitegien aurrean, Hala Bediko kazetariari babesa emateko. Horien artean zegoen Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduko Espainiako Kongresurako Arabako hautagaia. Mozal legea aldatzeko beharra berretsi zuen: «Isun administratiboen bidez populazioaren zati bat kontrolatu nahi dute, segurtasuna aitzakia gisa hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.