Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa buru zituztela, hirugarren segurtasun batzordea egin dute gaur, Madrilen. Zupiria eta Marlaska atera dira egindako akordioaren berri ematera. Ertzaintzak orain artean izan ez dituen hainbat eskumen hitzartu dituzte. Gernikako Estatutuaren 17. artikuluak jasotzen dituen funtzioak beteko dituzte poliziek. Alegia, atzerritarren gaiei, kontrabandoari eta iruzur fiskalari lotutako auziak Guardia Zibilarenak eta Espainiako Poliziarenak izango dira aurrerantzean ere. Gainerakoan sor litezkeen auziak, berriz, Ertzaintzak hartuko ditu bere gain. Hala nola, ordena publikoari lotutakoak eta pertsonaren babesari lotutakoak. Hala jasoa zuen 1979an onartutako Gernikako Estatutuak: Ertzaintza polizia integrala izango zela. 45 urte geroago etorri da eskumen hori.
Guardia zibil eta Espainiako Polizia kopurua mantendu egingo du Espainiako Gobernuak. Ertzaintzak portuko eta airepotuetako zerbitzu eremuan jardungo du, eta, Bilboko Portuko eta bertako eremu mugatuko azpiegitura kritikoetan laguntza operatiboa emateko planetan polizia erantzukizuna izango du. Akordioa gaur eginda, bihartik aurrera indarrean dagoela esan du Zupiriak. Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio batzordeen zeregina izango da lanak zehaztea.
Indarkeria matxista
Horretaz gain, beste akordio baten berri eman dute. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak indarrean dauka BioGen izeneko sistema, indarkeria matxistako kasuak prebenitzeko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, EBA (Emakumeen eta Etxekoen Babesa). Indarkeria matxista prebenitzeko asmoz poliziek esku artean dituzten informazio programa horiek konektatzea hitzartu dute, elkarren arteko informazioa trukatzeko. Hiru hilabetean jarriko da indarrean.
Ikusi gehiago
Modu horretara, emakumeen aurkako indarkeriazko espedienteak modu integralean kudeatu ahal izango dituzte. Segurtasun Sailak zabaldutako oharraren arabera, «arriskuen ebaluazioak homologatzea, babes egokia ezartzea eta babes agindu judizialak kudeatzea» izango da koordinazio horren helburua, eta, sistema horri esker, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak errazago mugitu ahalko dira Espainiatik kanpora eta Espainiara bertara. Indarkeria matxisten biktimentzako koordinazioa indartzea ere jaso dute akordioan.
Bi akordio horiez gain, ostatuaren eta ibilgailuen alokairuaren arloko jardueren erregistroari buruzko datu base zentralizatua garatzea ere adostu dute. Azkenik, Madrilen egindako bileran, Barne Ministerioak eta Segurtasun Sailak erabaki dute Ertzaintzak Giza Eskubideak Bermatzeko Bulego Nazionalaren (Ongadh) jardueran parte hartzea. Organo horren ardura da polizia kidegoek tratu txarren aurkako Espainiako eta nazioarteko arauak betetzen dituztela zaintzea, pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatzen direla bermatzeko.
Hirugarren segurtasun batzordea izan da 2018tik, Marlaska Barne ministro denetik. «Leialtasun eta elkarlan giroa» gailendu dela nabarmendu dute Zupiriak eta Marlaskak.
Sanchezekin egindako ituna
Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak txalotu egin du gaur izenpetu duten akordioa. Gogoratu du Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izan zedin hitzartutako inbestidura akordioan jasota dagoela puntu hori. Esteban: «Oso albiste positiboa da, inbestidura-akordioaren beste puntu bat gauzatzen delako eta Gernikako Estatutua betetzeko beste urrats bat egiten delako».