Ertzaintzaren aginduz, gaur hustu dute Gasteizko Zentro Sozialista: 13:15ean hastekoak ziren eraikina husten, baina Ertzaintza goizean goizetik joan da bertara. Horren esperoan, hainbat gazte bildu da inguruan, eta horietako bat Dato kaleko Laboral Kutxaren eraikinean kateatu da, protesta modura. Jendetza gerturatu da kateatu den gazteari babesa adieraztera.
Gaur dauka Ertzaintzak Gasteizko Zentro Sozialista husteko agindua. Horren harira, goizean goiz pertsona bat kateatu da Dato kaleko Laboral Kutxan.@berriapic.twitter.com/MQ4CkVHzp1
— Unai Etxenausia (@EtxenausiaUnai) January 13, 2022
Orduan, tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzaren eta gazteen artean. Bertan izan da Unai Etxenausia BERRIAko kazetaria, eta, hartu dituen irudietan ikusten denez, eraikina inguratu, gazteak indarrez kanporatu, eta oldartu egin zaie Ertzaintza. Gazteetako zenbait identifikatu egin dituzte, eta bi atxikita eraman.
Orain gazteen aurka oldartu da.@berriapic.twitter.com/M2IRpE3ZIv
— Unai Etxenausia (@EtxenausiaUnai) January 13, 2022
Bitartean, Laboral Kutxaren eraikinean kateatuta segitu du gazteak, eta hari babesa adierazteko oihuak entzun dira. Zentro Sozialistako kide baten hitzetan, «Gasteizko Zentro Sozialista hustuko dutela salatzeko kateatu da».
Eraikina husteko garaia gerturatu ahala, Zentro Sozialista dagoen Monseñor Estenaga kalea itxi dute Ertzaintzako agenteek. Hainbat furgoneta izan dira eremu horren bueltan, eta drone bidez kontrolatu dute ingurua.
Ondotik, gazteak mugitu dira Dato kaletik, eta Zentro Sozialistara gerturatzen hasi dira, «Zentro Sozialistak aurrera» oihu artean.
Giza katean Ertzaintzaren pareraino gerturatu dira gazteak.@berriapic.twitter.com/cjHERVjO0W
— Unai Etxenausia (@EtxenausiaUnai) January 13, 2022
Gazteek giza kate moduko bat egin dute, eta Ertzaintzaren pareraino gerturatu dira. Orduan, tentsio uneak bizi izan dira berriz ere, eta agenteek gazteen aurka egin dute. Hiru pertsona ospitaleratu dituzte oldarraldiaren ondorioz. Kontseilu Sozialistak zabaldutako informazioaren arabera, hogei lagun baino gehiago zauritu dira ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz.
Hemen zaurituetako bat, @GedarLangileKZ bidez pic.twitter.com/2qB3YEcaPm
— Unai Etxenausia (@EtxenausiaUnai) January 13, 2022
Zentroa itxi dutela salatzeko, elkarretaratzera deitu dute Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak. Protesta egin dute arratsaldeko 18:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
Akordiorik ez Laboral Kutxarekin
Zentro Sozialistako kideak gaineratu du azken hilabeteotan Laboral Kutxarekin hitz egiten saiatu direla, «akordio bat lortzen», baina «entzungor» egin dietela.
«Argi gelditu da interes pribatuei soilik begiratzen dietela. Izaera progresista bat daramate, baina banku milioidun bat da. Alde horretatik, egun bizi izaten ari garen egoeraren agente bat gehiago da, langile klasearen aurkako ofentsiba bat aurrera daramana», adierazi du kideak.