Osakidetzaren osasun zentroetan «medikuak falta» diren erakusgarri, atzo Laudioko anbulatorioan gertatutakoa salatu du ESK sindikatuak. Ohar batean azaldu duenez, herritar bat bihotzekoak jota iritsi zen, eta, larrialdietarako medikurik ez zegoenez, erizainek artatu zuten. «Erizainek ahaleginak egin arren, errealitatea da, zoritxarrez, gertaerek arrazoia ematen dietela ESKren eta beste sindikatu batzuen salaketei, eta larrialdiko zerbitzuetan medikorik ez egoteak arriskuan jartzen duela herritarren bizia», adierazi du sindikatuak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez eman du Laudion gertatutakoaren bere bertsioa. Haren esanetan, osasun zentroan pazientea artatu ondoren, anbulantzia bati deitu zioten, eta larrialdi zerbitzua bertara iritsi zen lau minutu geroago. «Ordurako bihotz-birikak suspertzeko ariketak egiten ari zitzaizkion», azaldu du sailak. «Anbulatorioko zerbitzuen eta ZIUko [zainketa intentsiboetako unitateko] taldearen jokabidea azkarra eta egokia izan zen arren, ezin izan zuten ezer egin, pazientearen larritasuna zela eta».
Horrez gain, ESK-k salatu duenez, Gasteizen hiru hildako utzi dituen istripua gertatu denean, ez zegoen medikurik Arabako zentro koordinatzailean, «larrialdiei erantzuteko eta dauden baliabideak koordinatzeko». Sindikatuak ziurtatu du «Osasun sailburuak eta Emergentziak-Osakidetzako kudeaketa taldeak» ez dutela zerbitzu hori «hobetzeko eta indartzeko» borondaterik. EAJri leporatu diote Osakidetzan murrizketak, pribatizazioa eta prekaritatea hedatzea.
Bermeoko kasua
Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian Bermeon (Bizkaia) bizi zen emakume baten heriotza argitzeko. 71 urteko emakume batek bihotz-biriketako geldialdi bat izan du, eta anbulantzia bat eskatu dute harentzat. Bizkaian zerbitzua ematen duen La Pau enpresak Gernika-Lumotik (Bizkaia) bidali du bat, ohartu baita Bermeon duena kaltetuta dagoela, eraso baten ondorioz. Enpresak salatu duenez, Gernika-Lumotik bidalitako anbulantziari ere eraso egin diote, emakumea haren etxean artatzen ari ziren bitartean. Gurpilak zulatu eta kristalak apurtu dizkiotela adierazi du.
Hori dela eta, salaketa aurkeztu du Ertzaintzan eta guardiako epaitegi batean. Poliziak azaldu duenez, ikerketa bat abiatu du, «heriotza zein baldintzatan gertatu den argitzeko», anbulantziak kalteen ondorioz izan dituen «atzerapen posibleak» direla eta.
Azken egunotan, 30 anbulantzia inguru atzeman dituzte kalteekin leihoetan, ispiluetan edota gurpiletan, Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez. Enpresak, berriz, esan du zazpi anbulantziaren gurpilak zulatu eta kristalak apurtu dituztela gaur, eta bederatzirenak atzo. Haren arabera, 229 anbulantziari egin diete eraso joan den irailetik, beharginekin lan gatazka piztu eta grebak hasi zirenetik. Hala, lan gatazkarekin lotu ditu anbulantzien kontrako erasoak, eta sindikatuei eskatu die horiek gaitzesteko.