Ertzainak Borrokan plataformak kalera jo du berriro, eta auto karabana bat egin du Bilboko inguruetan ertzainen lan aldarrikapenen alde. Oraingoan, plataformak Euspel sindikatuko atxikimendua izan du. Protestak trafikoa moteldu du A-8 autobidean eta Bilboko sarreretan, baina ez du aparteko auto ilararik sortu.
07:30ean abiatu dira karabanan parte hartu duten autoak Basauritik eta Sestaotik, eta Bilbo inguruan ibili dira. Protesta Barakaldon amaitu da; han, ertzainek batzarra egin dute, egoeraren berri emateko.
Ertzainak Borrokan plataformaren arabera, ertzainek «arazo larriak» dituzte: ez dute agente nahikorik, materialen gabezia ere handia da, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez ditu aintzat hartzen. Plataforma joan den maiatzean abiatu zen, eta orain arte sindikatuetatik kanpo antolatu ditu ekintzak, behin baino gehiagotan Ertzaintzaren sindikatuen jarduera baldintzatzea lortu duen arren.