Eusko Jaurlaritzako Barne sailburua izan zen Juan Mari Atutxa 1991 eta 1998 bitartean. Omenaldia egin diote gaur Gasteizen, ertzainen Mila Esker elkarteak antolatuta. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan izan da ekitaldia. Elkarteko kide Julio Riberak esan du Atutxa «erreferente» ezinbestekoa izan zela, eta «kudeaketa ona eta gardentasuna» izan zirela haren jardunaren ezaugarri nabarmenenak. «Harrotasun motibo da, begietara begira, hari eskerrak ematea».
Esker onez hartu du Atutxak omenaldia. ETAk haren kontra hainbat atentatu eta atentatu ahalegin egin zituen sailburu zen bitartean, eta segurtasun lanetan laguntza eman zioten «profesionalen» lana goraipatu nahi izan du propio ekitaldian. Horiek horrela, gogoratu egin ditu ETAren atentatuen ondorioz edo haren jardunaren kontra ari zirela hildako hamabost ertzainak eta bestelako uniformeekin ere «terrorismoaren» kontra jardun zuten gainerako polizia guztiak. Gogoratu du guztira 26 urte eta 115 egun egin behar izan zituela bizkartzainek lagunduta.
Gogor hitz egin du ezker abertzalearen kontra; ETAri emandako «babesa» gaitzetsi du, eta esan du horren gaineko «errua» lehenbailehen hartu behar duela bere gain. Argi du ETAren jardunak «oinazea eta suntsiketa besterik» ez zuela utzi, eta, bake bidean urrats agerikoak egin badira ere, iruditzen zaio zenbait begiradatan «gorrotoa» ageri dela oraindik. «Krimenik gorrotagarrienak zuritzeko erabili ziren faltsukeriak gaur egun oraindik ordezko errealitate bat dira hainbatentzat».