Ertzainen baldintzak hobetzeko akordio bat iragarri du Urkulluk

Datorren asteko negoziazio mahaira eroango dute proposamena. EH Bilduko Julen Arzuagak Urkulluri esan dio «ezinbestekoa» dela polizia ereduari buruz eztabaidatzea

Ertzainak Borrokan eta sindikatuek manifestazioa egin zuten herenegun, Gasteizen. L. RICO / EFE.
Javi West Larrañaga.
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ertzainen lan baldintzak hobetzeko proposamena eguneratuko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, baina «arduraz» eta «errealismoaren printzipioari jarraiki» jardungo du. Hori iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, PPk, Voxek eta EH Bilduk egindako galderei erantzunez. Azaldu zuenez, berrogei batzar izan dituzte negoziazio mahaian azken zazpi hiletan.

Lehendakariaren arabera, «zilegi» da lan baldintzak hobetu nahi izatea, baina «errealismoaren printzipioa baztertu barik, gizartearekiko ardura hutsagatik». Haren arabera, «biztanleen bizitza baldintzatzea», «tranbia ordubete baino gehiago etetea» eta «euskal hiriburuetan auto pilaketak nahita eragitea» ez datorbat Ertzaintzaren «printzipioekin eta helburuekin».

Urkulluk zerrendatu egin ditu ertzainek dauzkaten abantailak: familia kontziliaziorako eta eszedentziak eskatzeko erraztasuna, erretiroa 59 urterekin hartzea pentsio osoarekin, formatzen jarraitu ahal izatea... Datu bat azpimarratu du: «Ertzainen batez besteko soldata sektore pribatuko batez bestekoa baino 10.000 euro altuagoa da».

Horrez gain, 2013tik soldata %17 igo dietela esan du, eta iaz %10eko gehigarri bat onartu zela: «Ia %30eko igoera hamar urtean. Eta orain 1.100 euro gordin gehiago ari dira eskatzen hilean».

Kezka, «ultraeskuinagatik»

EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak ohartarazi du herritarrak «kezkatzen» hasi direla azkenaldian «ultraeskuinarekin lotuta dauden jarrera» batzuekin. «Gero eta gehiago agertzen dira ultraeskuineko sinboloak, enblemak eta jokaerak Ertzaintzan, mobilizazio herrikoien, protesten, etxegabetzeen eta lan gatazken aurrean».

Arzuagak azpimarratu du Segurtasun Sailaren txosten batek «desmuntatzen» duela lan gatazka bat dagoela Ertzaintzaren kideekin. «Ez dago arrazoi ekonomikorik, ez dago soldata edo lan baldintza kaskarrik mobilizazio hauek justifikatzeko». Haren berbetan, «ezinbestekoa» da polizia ereduari buruz eztabaida «lasai», «sakon» eta «zintzo» bat izatea, eta «ezinbestekoa» da ezker independentistak parte hartzea. Urkulluk, berriz, aurpegiratu dio «eredua auzitan jartzearena» EH Bilduren «diskurtso politikoaren komodin» bihurtu dela. «Bakoitzak bere historia» daukala adierazi du, eta EH Bilduk inoiz ez duela «edukiz jantzi» proposatzen duen «eredu berri eta magiko hori».

«Gogora ekarri behar dugu zuek inoiz ez diozuela begirunerik izan Ertzaintzari. Aurka ere borrokatu egin zarete baliabide guztiekin», esan dio Urkulluk Arzuagari. «Ez dut uste estimu batere diozuenik euskal autogobernuaren erakunde honi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.