Ertzainek uste dute gidariak nahikoa seinale izan zituela kontrako bidean zihoala ohartzeko

Istripuan hildakoetako baten arrebak ere deklaratu du gaur. Familiak barkatu egin dio, «hutsegite bat» izan zela uste dutelako.

Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Epaiketa gela, Gipuzkoako Auzitegian, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
nerea intxausti
2024ko maiatzaren 21a
15:35
Entzun

Kontrako bidean sartu zenetik, akusatuak hainbat marra, lurreko gezi, oinezkoen babesgune eta seinale bertikal gainditu zituen, eta ohartu beharra zeukan kontrako bidean zihoala. «Zazpi auto, hiru kamioi, trailer bat eta Bidegiren mantentze lanetarako ibilgailu bat gurutzatu zituen», eta azken honek argi seinaleak egin zizkion, geldiarazteko. 31 segundo igaro ziren argi seinaleak egin eta anbulantzia jo zuen arte: «Edozer gauza egiteko denbora nahikoa izan zuen». Aldiz, bitarte horretan, gidariak ez zuen norabidea aldatzeko maniobrarik egin, eta abiadura «jarraitua» eta norabidea «aldaezin» mantendu zituen.

Hala laburbildu dute istripuaren atestatua egin zuten bi ertzainek 2017ko otsailaren 11ko goizean autoa kontrako bidean gidatu eta istripu bat eragin zuen gizonaren ibilbidea eta jokabidea. Gaur deklaratu dute, gidariaren kontrako epaiketan, Donostian. Autoak anbulantzia bat jo zuen, eta autoko sei bidaiarietatik bi hil ziren, AP-8 autobidean, Bilbora bidean, Usurbil parean (Gipuzkoa).

Ertzainek, istripua gertatu eta biharamunean, gidariak egina zuen ibilbidea egin zuten, AP-8 autobidearen 19. eta 27,5. kilometroen artean. Gidariak zazpi minututik gora egin zituen kontrako bidean, orduko 80-98 orduko abiaduran batez beste. «Ez zen jabetu ez non zihoan, ez nora zihoan», esan du ertzainetako batek.

Akusatuak berak atzo onartu zuen gidabaimena Marokon atera zuela, «ez oso modu legalean», ez zituela trafiko seinaleak ezagutzen, eta ez zekiela nora jo. «Ez ditut bereizten marra jarraitua eta marra etena», onartu zuen atzo. Hala ere, 2006tik gidatu gabe egonda ere, autoa hartu zuen goiz hartan, Bilbora bueltatzeko, atzeko eserlekuan zihoan lagun baten jarraibideei segituz. Anbulantzia bat jo zuten aurrez aurre, eta bi pertsona hil eta zazpi zauritu ziren. Atzoko saioan akusatuak ziurtatu zuen ez zekiela kontrako bidetik zihoala harik eta anbulantzia jo zuten arte.

Egoera «erabateko desastrea» izan zela nabarmendu dute ertzainek. Gidariak izan zuela aukera autobidetik ateratzeko, gasolindegi baten aurretik pasatu baitzen, esate baterako. Baina «alderrai, ausarkeriaz eta logikarik gabe» gidatzen jarraitu zuela, «jasotzen zituen estimuluen aurrean, kontrako bidean zihoazen ibilgailuen aurrean eta argien aurrean erreakzionatu gabe». Ertzainetako baten arabera, istripua izan eta gero, gidariak esan zien «okertu» egin zela, «edo antzeko zerbait». 

Sei pertsona zihoazen autoan, eta lau anbulantzian. Akusatuaren ibilgailuak anbulantzia bat jo zuen, eta bertan hil ziren autoan zihoazen bi lagun: gizon bat eta emakume bat —segurtasun uhala jarri gabe zeukaten—. Beste bi lagun larri zauritu ziren. 

«Ziur naiz ez zuela nahita egin»

Gaur, hain zuzen, istripuan hildakoetako baten arrebak deklaratu du. Hildakoa akusatuaren laguna zen. Azaldu du akusatuak barkamena eskatu diola familiari, eta familiak onartu egin duela, «hutsegite bat» izan zela iritzi dutelako. «Ziur naiz ez zuela nahita egin», azaldu du arrebak, «ezagutzen dut: formala eta zentzuduna da». 

Bestalde, istripuaren ondoren bertaratu zen anbulantzia bateko osasun langileak esan du akusatua ospitalera eraman zutenean «desorientatua» zegoela, «shock egoeran bezala», eta istripuan «hil ote zen» galdetu ziola. 

Epaiketa bihar amaituko da: azken lekukoek hitz egingo dute, eta aditu eta dokumentu frogak aurkeztuko dira. Ondoren, behin betiko ondorioak eta aldeen txostenak aurkeztuko dituzte. Gero, zinpeko epaimahaiak gogoeta egin beharko du, eta erabaki. Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du autoaren gidariarentzat, eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat, bi lesio delitu eta behin-behineko dolozko bi giza hilketa egotzi dizkio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.