«Ertzainak zera esan zidan: ‘Hitz egin iezadazu gazteleraz’»

Amaia Abendañoren eta Manex Rallaren kexaren harira, EAEko Arartekoak gomendatu du ertzainek errespetuz joka dezatela herritarrek euskaraz hitz egiten dietenean.

Amaia Abendaño eta Manex Ralla, Nido tabernaren atarian, asteon. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Abendaño eta Manex Ralla, Nido tabernaren atarian, asteon. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Ertzaintzak hizkuntza eskubideak urratu zizkien; euskaraz aritzea ukatu zien. Ez hori bakarrik: ertzainei euskaraz egiteko eskatu ostean, identifikatu egin zituzten, bietako bat miatu, istiluen aurkako ertzainak bidali, eta isun bana jarri. Hori salatu dute Amaia Abendañok eta Manex Rallak. Biek jarritako kexari berriki erantzun dio EAEko Arartekoak: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu dio berma dezala Ertzaintzak euskaraz artatuko dituela herritarrak, eta ziurta dezala ertzainek «errespetuzko tratua» emango dutela euskaraz hitz egiten dietenean.

2023ko urriko asteazken iluntze bat. Donostiako Herrera auzoko Nido taberna. Abendaño eta Ralla lagunekin trago bat hartzen ari ziren terrazan. Rallak azaldu duenez, Ertzaintza «gora eta behera» zebilen, parean okupatutako lokal bat zegoelako eta eztabaida bat egon zelako. Ertzaintzaren autoetako bat geratu egin zen, eta Rallaren autoari argazkia atera zion, gaizki aparkatuta zegoelako. Ralla altxatu egin zen, eta berea zela jakinarazi zien. «Esan zidaten, gazteleraz: ‘Isun bat jasoko duzu, eta mugi ezazu’». Autoa ondo aparkatzera joan zen. 

Abendaño buruari bueltaka hasi zen. «Arrazoia zeukaten, baina esan nuen: 'Auzoan hainbeste arazo egonda eta auzoa poliziaz beteta daukagula, Poliziaren presentziarekin zerbait egin beharrean auzoan lasai egoteko, azkenerako lortuko dute bizilagunentzat beste arazo bat izatea; ez ahal dira, ba, hasiko edozein gauzarengatik isunak jartzen'». Bertan zegoen bi ertzainetako bati esatera joatea pentsatu zuen. «Esan nion: ‘Barkatu, baina iruditzen zait bizilagunek baditugula arazo handiagoak gaizki aparkatutako autoak baino’.  Esaldia bukatu baino lehen erantzun zidan, gazteleraz: ‘Hitz egin iezadazu gazteleraz’». Momentuan, ez zion aparteko garrantzirik eman. «Zera esan nion: ‘Lasai, ez du axola. Berez, euskarazko zerbitzua eman behar didazu, baina hemen utziko dugu; ordea, jakin ezazu, zu momentu honetan lanean zaudenez, ez dauzkazula hizkuntza eskubideak, hizkuntza betebeharrak dauzkazula». Berehala ihardetsi zion agenteak. «Zera erantzun zidan, gazteleraz: ‘Utzi niri bakean’». 

«Ordura arte, ‘hitz egidazu gazteleraz’ esaten zidan, baina pausatxo bat egin, eta esan zuen: ‘Espainolez’»

AMAIA ABENDAÑOErtzaintzari euskaraz egitea eskatu zion herritarra

Abendañok dio plaka zenbakia eskatu ziola; ertzainak ezetz, berriro ere gazteleraz. Alde egin zuten. Abendaño autoari argazkia ateratzen hasi zen, identifikatzeko asmoz, tratuagatik kexaren bat-edo jartzeko. Eta bazihoan autoa bueltan etorri zen segituan. Ordurako, Donostiako Antigua auzoko ertzain etxera deika ari zen Abendaño. Gazteleraz erantzun zioten han ere. «Esan zidan: ‘Hemen ez dago euskaraz dakien inor’. Esan nion: ‘Bermatu behar didazu euskaraz artatzea’. Eta hark, gazteleraz: ‘Hau ez da jatetxe bat; hemen ez daukagu a karta eta b karta’. Deia eten zidan». 

Ondoan zain zituen lehengo bi ertzainak. Identifikatzeko eskatu zioten. «Argi nuen ez nuela zertan identifikatu. Esan nion: ‘Identifikatzeko, delitu edo falta zantzu bat egon behar da; nik zer egin dut identifikatzea eskatzeko?’». 

Ralla autoa aparkatzetik itzuli zen, eta grabatzen hasi zen, kamera lurrera begira jarrita. «Ikusi nuen panorama: ertzainak Amaiari [Abendaño] identifikazioa eskatzen ari ziren, eta Amaia esanez, mesedez, euskaraz hitz egiteko, eskubidea zeukala. Esaten zion ziola uko egiten identifikatzeari, baina esateko zergatik identifikatu behar zuen». Orduan, azaldu duenez, berari hizketan hasi zitzaizkion ertzainak: «Esan zidan ezin nuela grabatu. Nik esplikatu nion baietz, ezin nuela irudi hori zabaldu, baina elkarrizketa grabatzeko eta defentsarako eskubide osoa nuela». Identifikatzeko eskatu zioten Rallari ere. «Esan nion azaltzeko zergatik, eta mesedez euskaraz egiteko. Ertzainaren erantzuna hau izan zen, gazteleraz: ‘Ez al duzu ulertzen hobeto adierazten dudala gazteleraz eta eskubidea daukadala gazteleraz hitz egiteko?». 

Ertzainak, egoera kontrolatu beharrean, «tentsio handiagoa» sortzen ari ziren, Abendañoren iritziz: «Ordura arte, ‘hitz egidazu gazteleraz’ esaten zidan, baina pausatxo bat egin, eta esan zuen: ‘Espainolez’». Laguntza eske, beste nonbaitera deitzea pentsatu zuen Abendañok: Bilboko ertzain etxera. «Azaldu nion zer ari zen pasatzen, eta eskatu nion, mesedez, deitzeko haiei eta egoera baretzeko». Haiekin hitz egitekotan eta Abendañori deitzekotan geratu zen.

Baina hor ez zen ezer amaitu. Abendañok harekin hizketan jarraitu zuen: «Furgoneta bat iritsi da istiluen aurkako bost ertzainekin, kaskoekin eta». Rallarengana joan ziren, eta miatzen hasi ziren: «Ni hartu, banandu, eta, kale erdian, gorputz miaketa osoa egin zidaten». Dioenez, diru zorrotik hartu zioten nortasun agiria. Ralla «ulertu ezinda» zegoen: «Ertzainari euskaraz egiteko eskatzeagatik, furgoneta bat bidali zuten bost ertzainekin, eta ni miatzen ari ziren». Azaldu duenez, ertzain horiek esan zieten trafikoagatik bidali zituztela hara. Baina, bitartean, Abendañori Bilboko ertzain etxetik ziurtatu zioten euskaraz aritu ahal izateko joan zirela. «Bilbokoak zera esan zidan: ‘Esan didate errefortzuak bidali dituztela zu euskaraz artatzeko». Nabarmendu duenez, Bilbokoari behin eta berriro galdegiten zion buka zedila guztia; Bilbotik identifikatzeko esan zioten, ez zitzaiola ezer gertatuko. «Aurrean zegoen ertzainetako bati —hasieratik zegoen— NA eman nion. Eta zera esan zidan: ‘Horrenbesterako al zen?’. Bazekien euskaraz». 

«Ertzainari euskaraz egiteko eskatzeagatik, furgoneta bat bidali zuten bost ertzainekin, eta ni miatzen ari ziren»

MANEX RALLAErtzaintzari euskaraz egiteko eskatu zion herritarra

Azaldu duenez, NArekin agentea furgonetara-edo joan zen. Bitartean, Abendañok dioenez, furgonetatik jaitsitako ertzainetako bat ikusi zuen tabernan bere lagun batekin eta auzokide batekin hizketan. Trafikoaz. «Esan nion: ‘Hona ez zarete etorri trafikoagatik’. Abendañok dio azaldu ziola euskarazko arta eskatzeak eragin zuela guztia. «C1 euskara maila zeukan; ondo zekien euskaraz. Zera esan zidan: 'Eskubidea daukagu gazteleraz hitz egiteko'». Orduan agertu zen aurretik ere egona zen ertzaina, Abendañoren nortasun agiria eskuan. Gazteleraz ekin zion. «Gogoratzen naiz esan niola: ‘Hemen gaude hasieratik eskatu dudalako euskaraz artatua izan nahi dudala. Mutil honek badaki euskaraz hitz egiten; nahi dut berak esatea esan behar didazuena’». Euskaraz bazekien ertzain horrek, ordea, zera erantzun ziola dio Abendañok: «Esan zuen, gazteleraz: ‘Elkarrizketa hau ez da nire kontua’». Besteak jarraitu zuen hizketan, eta jakinarazi zion isun bat jarriko ziotela. Hala izan dela diote: Abendañok eta Rallak 602 euroko isuna jaso dute, «identifikatzeari uko egiteagatik». Abendañoren hitzetan, isunaren agiria ere eman gabe alde egin zuten ertzainek.

Kexak administrazioan

Biek ala biek azaldu dutenez, ez ziren geldirik geratu: gutunak bidali zizkieten garai hartako Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri, Segurtasun sailburu Josu Erkorekari eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriari, baita EAEko Arartekoari ere. Rallak azaldu duenez, Urkulluk erantzun zien esanez sentitzen zuela gertatutakoa eta, Erkorekaren sailekoa izaki, hari abisatuko ziola; Erkorekak ez zien erantzun, eta ikerketa zabaldu zuen Ekinbideren bidez, baina Abendaño ez dago gustura: «Ertzainen bertsioa goitik behera sinistu besterik ez zuten egin, eta gauza batzuk guztiz sinesgaitzak dira». Zupiriaren erantzunik, berriz, ez dute jaso. 

Arartekoarentzat, bestalde, esker ona baino ez dute. Hark Segurtasun Sailari galdegin dio berma dezala Ertzaintzak euskaraz artatuko duela nahi duen oro, eta eskatu dio ziurta dezala ertzainek «errespetuzko tratua» emango dutela herritarrek euskaraz hitz egiten dietenean. Orain, Abendañok espero du beraiei gertatu zitzaiena beste inork ez jasan beharra eta hizkuntza eskubideak bermatzea: «Egun hartan, zazpi ertzainetatik bik bazuten eskatzen den hizkuntza eskakizuna, baita gehiago ere. Eta, hala ere, ez zuten erabili nahi izan. Hizkuntza eskubideak ere gogorarazi eta betearazi behar zaizkie, eta, betetzen ez badituzte, gainontzeko gauzak betetzen ez badituzte hartzen diren neurriak hartu behar dira».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (10)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.