Epaiaren zain geratu da Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ahozko saioa, eta esperantzari helduta itxarongo dute epaimahaiaren erabakia Ertzaintzaren pilota batek hil zuen gaztearen gurasoek. Haien mezua plazaratuta hasi du akusazio partikularraren ondorioen azalpena Jone Goirizelaia abokatuak saioaren azken egunean: «Epaiketa egin da, baina justizia egin dadila eskatzen dute. Iñigoren heriotza konponezina da; ez dadila zigorrik gabe gelditu gutxienez».
Cabacasen heriotzaren erantzule direlakoan, launa urteko kartzela zigorra eta seina urteko inhabilitazioa eskatu du epaitu dituzten sei ertzainetako bakoitzarentzat. «Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa» egotzi die. Goirizelaiaren esanetan, akusatuen aulkian eseri diren ertzainek ez zuten behar bezala jokatu, eta hargatik hil zen gaztea. Horrek zigorra behar du: «Bestela, esan nahiko luke poliziek nahi dutena egin dezaketela. Eta zuzenbide estatu batean hori ez da posible». Cabacas-Lizeranzu familiaren abokatuak argi du: delitua egon egon da, eta, beraz, ardurak kitatu behar dira.
Tomas Gonzalez Corral ofizialordeak tiro egiteko agindua eman zuela ohartarazi du Goirizelaiak; berak ezetz esan arren, gainontzeko ertzainek hala baieztatu dutela. Kepa Muriel ofizialordeak, berak aitortu du tiro egiteko agindu izana. Jose Ignacio Moure, Dany Johnny Fernandez eta Eduardo Guzman ertzainek tiro egin zuten, Goirizelaiaren esanetan plaza hartan istilurik eta arriskurik ez zegoen arren. «Proportziorik gabe» aritu ziren. Eta Juan Jose de Pablo ofiziala dispositiboaren arduraduna zen; agintaria, leku horretan kargurik handiena zuena.
Epaiketan, De Pablok adierazi du ez zuela agindu tiro egiteko. Berak ez zuela ezer egin, eta bere ustez ez zela kalexkan sartu ere egin behar. Baina «ez zuen ezer egin», ohartarazi du Goirizelaiak. Eta ez jardute horretan badu bere erantzukizuna: «Tiro egitea ahalbidetu zuen, egoerak halakorik eskatzen ez zuen arren. Bere eginbeharra herritarren segurtasuna zaintzea zen, baina ez zuen ezer egin; ez zuen erasoa geldiarazi».
Cabacas familiaren abokatuak ondorioztatu duenez, ertzainek bazekiten plaza hartan ez zegoela arriskurik, jendetza zegoela eta ez zutela irteerarik; hala ere, gutxieneko distantzia gorde gabe tiro egiten ari zirela jende multzoari aurrez abisurik eman gabe eta lekua beste modu batean husten saiatu gabe. «Hala jokatuta, emaitza onartzen ari dira». Hortaz, abokatuaren esanetan, «berdin du» operazio hartan agindua eman edo tiro egin izana; «guztiek onartu zuten jarduera hori eta haren ondorioak».
Argudio hori babesteko, hiru epaik ezarritako jurisprudentziak jarri ditu mahai gainean: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 1999an ebatzi zuen gomazko pilotek hainbat pertsonari eragindako kalteen erantzule izan zirela bai tiro egiteko agindu zutenak eta bai hori onartu zutenak. Espainiako Auzitegi Gorenak, 2000. urteko polizia operazio batean, parte hartzaile guztiak zigortu zituen: tiro egin zutenak, hori agindu zutenak, eta, han egonda, jarduera hori eragotzi ez zutenak. «Ez eginda, ez da egitea eragotzi», argudiatu zuen. 2002an Tenerifeko Lurralde Auzitegiak kaleratutako autoan, ohartarazi zuen garrantzitsuena ez dela egiletza zuzena; zaurituak eragin zituen operazioan parte hartu zuten guztiak zirela arduradun, horren bortitz jarduteagatik edo hori ez saihesteagatik.
Bai fiskalak eta bai akusatutako ertzainen defentsek oso bestela ikusi dute egoera, guztientzako absoluzioa eskatzeraino. Defentsen jarrerak ez du harritu Goirizelaia; haien lana dela badaki. Baina fiskalarena ulergaitza egin zaio, eta oharra igorri dio: «Hemen ikusi dena ez bada delitua, horrek esan nahi du poliziak zernahi egiteko baimena duela; poliziak egiten duena eginda ere, ez dela delitua izango. Eta hori kezkagarria da».
Fiskalak aitortu du Cabacasen heriotza ekarri zuen operazioan eta ondorengo jardunean ez dela jokatu behar bezala. Cabacas Ertzaintzaren pilota batek hil zuela argi duela dio, baina epaiketan agertu diren kontraesanek eta ertzainek emandako bertsio kontrajarriek ezinezko egiten dutela erantzulea nor den argitzea. Absoluzioa eskatu du guztientzat, eta behin eta berriro errepikatu du zergatia: «Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa bategatik epaitzen ari dira, eta ez arduragabekeria profesionalagatik». Inor zigortzeko, kausalitateak frogatua behar duela esan du. Cabacas hil zuen tiro zehatza nork egin zuen jakin behar dela, eta tiroa egiteko nork agindu zuen.
Delitua eta bekatua
«Ez zen deliturik egon, baina horrek ez du esan nahi bekaturik egon ez zenik». Hala hasi dutxostenaren azalpena Juan Jose de Pablo ofizialaren abokatuak. Egoera ulertzeko eskatu du. Tentsio garaiak zirela, eta ertzainak etsaitzat hartzen zirela. Ertzainburuak egindako aitortza eraman du epaiketara: «Semea nerabea da, eta onartzen dut niri zipaio esatea; baina hiltzailea naizela esatea ez». Egoera aldatu dela eta, polizia eredua aldatu beharra aldarrikatu du: «Beste batzuek dagoeneko kendu dute kaputxa».
Edozein kasutan, 2012ko operazio hartan behar bezala jokatu zela iruditzen zaio, ezjakintasuna nagusi zelakoan. Orduko arauak errespetatu zirela esan, eta auto istripuekin alderatu du Cabacasen hilketa. Justizia «mentalitate aldaketa» eta halakorik berriro ez gertatzea da abokatuaren ustez, eta absoluzioa eskatu du.
Muriel ofizialordearen abokatuak kritikatu egin du polizia ereduari buruz aritzea: «Harrigarria da hemen politikarekin hitz egitea. Hemen ez gara ari zalantzan jartzen polizia eredua, eta ez gara ari Ertzaintza epaitzen. Hau sei pertsonaren aurkako epaiketa da». Maria Diaz de Haro ondoko plazatxoan liskar handiak zeudela eta Ertzaintzak jardun zuen bezala jardun behar izan zuela esan, eta absoluzioa eskatu du.
Interpretazio horrekin bat egin du Gonzalez Corral ofizialordearen eta beste hiru ertzainen abokatuak. Ertzaintzaren jarduna egokia izan zela adierazi du, eta Cabacasen heriotza «ustekabeko istriputzat» jo du. Halako jendetza zegoen, eta horrenbeste pilota bota ziren lekuan hildako bakarra egoteak erakusten du, haren ustez, ondo jardun zela.
Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketaren amaiera
Ertzainak ez zigortzeak inpunitatea erakutsiko lukeela dio Goirizelaiak
Alde bakoitzak bere ondorioak argudiatuta, epaiaren zain geratu da 'Cabacas auziaren' epaiketa. Akusazioaren ustez, ezinbestekoa da sei ertzainak zigortzea; fiskalak eta defentsek kontrakoa diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu