Gaur goizean, kaleko jantzitako ertzainek protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, hitzarmen berri bat eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatzeko.
2.000-2.500 pertsona egon dira protestan, Gasteizko udaltzainen arabera. Ez da zifra makala, guztira 8.000 ertzain baino gutxiago daude eta. Erne, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuak ere —ordezkaritza daukatenak— bertan izan dira, baina ez dute sinatu pankarta: «Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik» zioen, eta Ertzainak Borrokan kolektiboaren zigilua bakarrik eduki du.
Tranbia zerbitzua bi orduz eten du Euskotrenek, protesta egongo zela aurreikusita. Ez da zerbitzua eten duten lehenengo biderra. Ekainaren 1ean ere trabatu zuten, orduko hartan ertzainek baimen barik oztopatu zutelako. Hamabost egun falta dira Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatzeko, baina oraindik ez dago argi segurtasuna bermatuta egongo den, giroa nahastuta dago-eta ertzainen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren artean.
Ertzaintzaren zuzendari Victoria Landa debekatzen saiatu arren, ertzainak txistuka eta klaxonak jotzen aritu dira protestan, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuelako haren agindua. Soldata 1.100 euro igotzea eta erabiltzen duten materiala hobetzea da Ertzainak Borrokan taldearen aldarrikapenetako bat.