Kaleko jantzitako ertzainek protesta egin zuten atzo goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean, hitzarmen berri bat eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatzeko. 2.000-2.500 pertsona egon ziren protestan, Gasteizko udaltzainen arabera; ez da kopuru makala, guztira 8.000 ertzain baino gutxiago daude eta. ERNE, Esan, Euspel eta SIPE sindikatuak ere—ordezkaritza dutenak— bertan izan ziren, baina ez zuten pankarta sinatu: Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik leloarekin, Ertzainak Borrokan taldearen zigilua bakarrik jaso zuen.
Tranbia zerbitzua bi orduz eten zuen Euskotrenek, protesta aurreikusita. Ez da zerbitzua eten duten lehenengo biderra. Ekainaren 1ean ere trabatu zuten, orduko hartan ertzainek baimen barik oztopatu zutelako. Atzo, Ertzaintzaren zuzendari Victoria Landa eragozten saiatu arren, ertzainak txistuka eta klaxonak jotzen aritu ziren protestan, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuelako haren agindua.
Hamabost egun falta dira Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatzeko, baina oraindik ez dago argi segurtasuna bermatuta egongo den, giroa nahastuta dago-eta ertzainen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren artean. Soldata 1.100 euro igotzea eta erabiltzen duten materiala hobetzea dira Ertzainak Borrokan taldearen aldarrikapenetako batzuk. Gainera, lansaria gehiago kobratzen duten udaltzainekin berdintzeko exijitzen ari dira.
Ertzainak ere, batu barik
Giro nahasia dago ertzainen eta Segurtasun Sailaren artean, baina sindikatuak eta plataforma ere elkar kritikatzen aritu dira egunotan. Batzar bat egin zuten ekainaren 9an, baina ez ziren ados jarri. Ertzainak Borrokan taldeak ohar bidez adierazi zuenez, aldarrikatu zuten Segurtasun Sailak egindako proposamena ertzain guztiek bozkatu behar luketela, baina sindikatuek ez zuten onartu. Gainera, pankartetan euren zigilua jartzeko eskatu zieten sindikatuei, nahiz eta ez izan ordezkaritzarik.
Hurrengo egunean, Ertzainak Borrokan taldeak ERNE, Esan eta SIPE sindikatuei aurpegiratu zien Erkorekarekin «soinez soin» joatea, eta haren berbekin «bat egitea». Hiru sindikatuek, berriz, argudiatu zuten taldeak haiei «agindu» nahi ziela, eta «askatasun sindikalaren aurkako eraso zuzen» bat egiten ari zirela leporatu zioten, «mehatxuekin» eta «irainekin». Euspelek, ordea, ez zuen sinatu oharra. Ekainaren 14an plazaratu zuen mezu bat Ertzainak Borrokan taldearekin, Segurtasun Sailaren akordio proposamena ertzain guztiek bozkatzeko aldarrikapena onartzen.
Ertzain ugarik Erkorekaren dimisioa eskatu dute berriro legebiltzar aurrean
Ertzainak Borrokan taldeak eta sindikatuek protesta egin dute Gasteizen. Ez dago argi Frantziako Tourreko segurtasuna bermatuta egongo den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu