Ertzain eta udaltzainentzako 280 postuko LEP bateratua aurkeztu dute

Zortzigarren lan eskaintza publiko bateratua iragarri dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. 225 postu ertzainentzat izango dira, eta 55 udaltzainentzat.

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen deialdi bateratua.
Erkoreka eta Apraiz, Bilbon emandako prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko otsailaren 21a
14:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzak, Eudelekin batera, Poliziarako laugarren LEP lan eskaintza publikoa iragarri du gaur, Bilbon. LEP horrek 280 postu ditu, eta etzi zabalduko da eskaerak egiteko epea. Legealdi honetako laugarren eskaintza da, eta batera egin duten zortzigarrena.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eman ditu deialdiaren xehetasunak: 280 postu horietatik 225 ertzain izateko izango dira, eta 55 udaltzain izateko, 22 herritan. Ertzaintzaren barruan, bost postu oinarrizko eskalakoak izango dira, 140 Ikerketa Kriminala espezialitatekoak eta 80 Bide Segurtasuna espezialitatekoak. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 225 postu horietatik 181ek daukate B2 mailako hizkuntza eskakizuna. 

Poliziaren «euskalduntze prozesua» nabarmendu du Erkorekak: «Ertzaintzaren euskalduntzea areagotzen ari da, hezkuntza sistemak prestatuta datozen belaunaldi berriek linguistikoki gaitasun handiagoa dute, eta baldintza hobeagoak dituzte zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaintzeko».

Esther Apraiz Eudeleko lehendakariak esan du udaltzaingoa duten 98 herrietatik 64 sartuko direla lan poltsa horretan. Izan ere, udalek autonomia dute lan poltsa horretan sartzeko edo eurena sortzeko. Apraizen ustez, «oso baliagarria» da: «Segurtasunaren alorrean, hobetzeko modu bat, nola ez, udaltzainen lantalde egonkorrak edukitzea da. Neurri egokiko lantaldeak, berdintasunezko lantaldeak, egituratuak, prestatuak, eta jakina, ondo hautatuak ere bai».

Lan eskaintza publikoarekin bat egiten ez duten herriek, hala ere, badute aukera euren lan poltsak osatzeko. Halaxe egin zuten Lea-Artibain: Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek (Bizkaia) LEP bateratua aurkeztu zuten, tokiko beharretara egokitutako zerbitzua eskaini ahal izateko.

Berdintasuna polizian

Erkorekaren esanetan, aurrerapauso handiak eman dira emakumeak Ertzaintzan sartzeari dagokion konpromisoan. Segurtasun sailburuak azaldu du berdintasuna bermatzeko gertu daudela: «Arlo honetan, jauzi kualitatiboa eman dugula baieztatu daiteke. Orain akademian sartzen diren promozioetan, emakumeen presentzia %37 inguruan dago, eta, jakina denez, berdintasuna dagoela baieztatu ahal izateko, %40koa izan behar du».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.