Larunbatetik ari zen Ertzaintza Barakaldon (Bizkaia) gertatutako lapurreta bat ikertzen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Radio Euskadin azaldu duenez, gizonezko bat ertzain baten etxean sartu zen larunbat eguerdian, eta bizkar zorro bat eraman zuen. Haren barruan zegoen ertzainaren arma (ez lanekoa). Erkorekaren arabera, identifikatuta zeukaten ustezko lapurra. Bi eguneko bilaketa operazio zabala egin eta gero, ustezko lapurrak bere burua entregatu du gaur arratsaldean, Ertzaintzaren Deustuko (Bilbo) polizia etxean, Eitb.eus-en arabera. Atxilotu egin dute, eta epailearen esku utzi.
Segurtasun sailburuak jakinarazi du indarkeria matxistaren biktima dela ustezko lapurraren bikotekidea, eta, beraz, zaintza berezia jarri diote egunotan.
Barakaldo inguruetan aritu dira gizonezkoaren bila. Zubileta kalean topatu zuten ertzainaren bizkar zorroa, baina pistola ez zegoen barruan, eta bilaketan jardun dute astelehen goizean ostera. Astelehen arratsaldean, bilatzen ari ziren gizon gazte horrek bere burua aurkeztu du komisarian. Lapurretaz gainera, baimenik gabe armak edukitzea leporatuko diotela jakinarazi dute. Ez dute argi azaldu ertzain horrek zergatik zuen arma bat etxean.