Iazko azaroaren amaieran Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion ertzain bati, komisarian emakume bat jipoitzeagatik; ebazpenaren arabera, «bi ukabilkada» eman zizkion ertzain batek. Bada, kasu horretan Ertzaintza defendatu duen Eusko Jaurlaritzako abokatuak eskatu du epaiketa baliogabetzeko eta hasieratik berriro egiteko. Zergatik? Bizkaiko auzitegietatik epaiketako bi grabazio desagertu direlako.
Eta ez dira edozein grabazio, auzitegi medikuaren eta psikiatraren grabazioak desagertu baitira; hau da, kasuaren perituena, adituena. Bi horien testigantzek frogatu zuten biktimak kalte morala pairatu zuela, eta funtsezko izan ziren akusatua zigortzea ebazteko.
«Ez diezagutela adarrik jo, hau biktima birbiktimizatzea da. Denok dakigu zer esan zen bere garaian: defentsak, akusatuek, prentsak... Hau prozedura berriro luzatzea da».
AGATHA LIBANO, biktimaren abokatua.
Biktimaren abokatu Agatha Libanorekin hitz egin du BERRIAk, eta harrituta dagoela adierazi du. «Grabazio guztiak ondo gordeta daude, baina, kasualitatez, zigorra izan dadin ezinbestekoak diren grabazioak falta dira soilik», azaldu du, ironiaz.
Akusatuaren defentsaren arabera, grabazio horiek berebizikoak dira ertzaina zigortzearen alde egiten duen ebazpenari helegite bat jartzeko, eta eskatu du epaiketa baliogabetzeko eta berriro egiteko. Eskaera horri erantzun dio Bizkaiko Auzitegiak: diote haiek ezin dutela ebatzi desagerpen horiek epaiketa baliogabetzeko nahikoa diren ala ez, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan beharko du orain epaiketa bertan behera uzteko modukoa den ala ez.
Bizkaiko SOS Arrazakeriak ere azken erabakien inguruko balantzea egin du. Arraroa iruditzen zaie funtsezko grabaketa horiek desagertu izana: «Ezin gure buruari galdetu gabe utzi: normala al da grabazioak desagertzea? Nork defendatzen du biktima 'sistemaren huts' horiek gertatzen direnean?».
Delituzko estrategia bat dago atzean, elkartearen ustez: «Norbaitek pentsa ote dezake zentzugabekeria hori kasualitatearen ondorio dela? Norena da halako hondamena gertatzearen erantzukizuna?».
Kaltetua, biktima
Horren harira, gogor erantzun du Libanok: «Ez diezagutela adarrik jo: hau biktima birbiktimizatzea da. Denok dakigu zer esan zen bere garaian: defentsak, akusatuek, prentsak... Hau prozedura berriro luzatzea da». Izan ere, prozesu luzea izan da biktimarentzat. Gertakariak 2018koak dira, eta, iazko abuztuaren 30ean epaitegiek zigorra ezarri bazuten ere, epaiketa ez da amaitu oraindik, helegiteak jartzeko epea ireki behar baitzen orduan; hala ere, ez da irekiko EAEko Justizia Auzitegiak erabaki bat hartu arte.
Biktimaren defentsak ere jarri zion apelazio bat epaiketaren prozesuari berari, atestatu bat faltsua zela adierazi baitu Libanok. Apelazio hori, baina, azkar bota zuen atzera Bizkaiko Auzitegiak. Libanoren arabera, epaiketan «garbi» ikusi eta erakutsi zen atestatu hori faltsutu zutela.
Ikusi gehiago
Hala, biktimaren defentsa EAEko Justizia Auzitegiak zer erabakiko zain dago orain. «Bitartean, zain gaude oraindik ere. Gainera, auzitegira iristean, baliteke epaiketa berriro egin behar dela erabakitzea. Bost urte egon gara sententziaren zain, eta auzia berriro egitea erabakitzen badute, pentsa zenbat luzatu daitekeen kontua». Libanok berak abenduan esan zion BERRIAri kasua «erresistentzia eta pertseberantzia borroka bat» izan zela.
2018ko gertakariak
2018an Getxoko (Bizkaia) supermerkatu baten aurrean dirua eskatzen zebilen pertsona bat identifikatzen ari zen Ertzaintza, eta biktima —Silvia, emakume migratzaile bat— tartean sartu zen, iruditu baitzitzaion agenteak pertsona hori gaizki tratatzen ari zirela.
Tirabira hasi zuten orduan, eta polizia etxera eraman zuten. Abokatuaren ustez, atxiloketak «motibazio arrazista» izan zuen. Behin polizia etxean zeudela, Silvia ziegan sartzen saiatu ziren ertzainak, baina emakumearen ondasunengatik eztabaida bat hasi zen, andreak azaldu zuenez. Silviaren diru zorroa zegoen tartean, diru askorekin. Eztabaidaren ondoren, ertzainetako batek —zigortu dutenak— «jipoitu» egin zuen, andreak salatu zuenez. Ebazpenean adierazi zuten «bi ukabilkada» eman zizkiola ertzainak Silviari. Ertzain horrek, berriz, adierazi zuen ziegan sartu baino lehen Silviak «eraso» egin ziola, eta «instintiboki» eskua atera zuela berak.
Polizia etxe hartan gertatutakoa erakusten duten irudiak erakutsi zituzten epaiketan, eta Libanok adierazi zuen «eztabaidaezinak» direla, eta horiei esker iritsi direla hain urrun.