Espainiako Gobernua Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatzeko proposamen bat lantzen ari da, eta legean aldatu litekeenaren aurkako manifestazioak egin dituzte sindikatu ugarik. Hamar sindikatuk egin zuten bat joan den astean Bilbon eginiko bilkuran, Plaza Eliptikoan: Erne, Euspel, Sipe, SVPE-PLES, IGC, AUGC, CEP, SPP, SUP y UFP. Salatu zuten, besteak beste, legearen erreformari jarraikiz herritarrek komunikatu gabeko «bat-bateko elkarretaratzeak» egin ahal izatea.
Besteak beste, sindikatuok kritikatu dute herritarrek Polizia grabatu ahal izatea, eta sare sozialetan zabaltzea, horrek poliziak «babesgabe» uzten dituelakoan. «Oso zaila da irudiak eta bideoak sareratzen dituzten pertsonen aurka jotzea. Gure lana zaila da. Gauzak okertzen direnean, geuk hartu behar dugu esku, eta, egoera horretan, geure lana itsusia izaten da».
Guztiak ez datoz bat, ordea. Ertzain Abertzaleen Elkarteak babestu egin du mozal legearen erreforma: «Ezin dugu onartu Ertzaintzako sindikatu batzuetako buruzagiek legearen aldatzearen edo derogatzearen aurka agertzea, ezta legea indargabetzearen aurkako manifestazioetan ertzainak agertzea ere Espainiako ultraeskuineko kideekin batera, egite horrek euskal gizartearen zati batek, Ertzaintza osatzen duten gizon eta emakumeen sentimendua hori dela pentsaraztea ekarri dezakeelako. Errealitatetik oso urrun dago eta».
Elkarteak dio Ertzaintza eta ertzain gehienak «gizartearen eskubide eta askatasunen alde» daudela, eta jakitun direla lege horrek dakarren «manifestazio eskubidearen mugaketa. Manifestazio eskubidea herriaren polizia bati atxikita dago, gizartea babestea delako gure zeregina, herritarrek bere manifestazio eskubidea erabili dezan, hori baita Ertzaintzak gizarte demokratiko batean egiten duen lana». Era berean, salatu dute legearen aurkako mobilizazioak «politikoak» direla eta «eskuin muturreko ideologia bati lotuta» daudela: «Ertzaintzak ezin du muturreko ideologien ondoan egon, eta ezin du gizartearen eskubideei eraso eginez bere eskubideak defendatu».