Errugabetzat jo dute desfile bat eten zuen aktibista

Eneko Perez Madrilen epaitu dute, 2009an Cibeles pasarelan larrugintza salatzeko protesta egiteagatik

edurne elizondo
Iruñea
2013ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Errugabe. Madrilgo 43. instrukzio epaitegiak absolbitu egin ditu2009an hiri horretan Cibeles pasarelako moda desfile bat eten zuten Equanimal elkarteko bi aktibistak. Eneko Perez bilbotarra da haietako bat. 2009an, bertze taldekide batekin batera, pasarelara atera zen larru saltzaile baten desfilean, industria horren jarduera salatzeko protesta egitera.

Zinpeko zaintzaileek aterarazi zituzten pasarelatik bi aktibistak. «Zortzi edo hamar etorri ziren niregana; ostikoak eta kolpeak eman zizkidaten», gogoratu zuen Perezek, epaiketa hasi baino lehen. Errugabetzat jo dituzten bi aktibistek, hain zuzen ere, zinpeko zaintzaileen kontrako salaketa jarri zuten. Haiek ere absolbitu egin ditu epaileak.

Animalien eskubideen aldeko aktibistei desordena publikoa eragin izana egotzi zieten. Zinpeko zaintzaileei, berriz, aktibistei erasotzea. Bi aldeak errugabetzat jotzea erabaki zuen epaileak atzo, «faltak preskribatu» duelako. Bederatzi hilabetez epaitegian auziari buruzko urrats bakar bat ez zela egin gogoratu zuen epaileak atzoko saioan.

Pozik agertu zen Eneko Perez epailearen erabakiarekin. «Adierazpen eskubidearen arloan kokatzen dut nik egin genuen protesta», nabarmendu zuen, epaiketa egin eta gero. Desobedientzia zibilaren alde egin zuen, eta Madrilen egindako protestaren gisakoak «zilegitzat» jo zituen, «animalien esplotazioa salatzeko». «Eztabaida mahai gainean jartzea da kontua, eta hori lortzeko tresna baliagarria da desobedientzia zibila; nork bere kabuz balia dezake, gainera», adierazi zuen.

Bertze auzi bat martxan

Moda desfilearen inguruko auzia itxitzat jo du Eneko Perezek. Bertze prozesu batean murgilduta dago, hala ere. 2011. urteko ekainean, bertze hainbat aktibistarekin batera atxilotu zuten bilbotarra. Euskal Herrian, Espainian eta Galizian egin zuten animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazio hori; orain arteko handiena izan da.

Operazio horren ondorioz, hamabi pertsona atxilotu zituzten 2011. urteko udan, tartean Perez; hemeretzi egunez egon zen kartzelan, bertze bi pertsonarekin batera, helegitea aurkeztu, eta bertze epaile batek neurri hori bertan behera utzi zuen arte.

Joan den urtarrilean, bertze hamahiru lagun inputatu zituen epaileak. Instrukzio fasean da auzia, oraindik ere, baina hainbat urteko espetxe zigor eskaera jaso dezakete, prozesuak aurrera egiten badu, «animalien esplotazioaren irudiak zabaltzeagatik. Mugimenduaren aurkako azpijokoa da». Atxilotutako aktibistak Animalien Berdintasuna eta Equanimal taldeetako kideak dira. Haien aurkako polizia operazioaren ildotik, hain zuzen, bat egitea erabaki zuten bi elkarteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.