Udalbiltzaren eta ETAren artean loturarik txikiena ere ez dela frogatu uste du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. zigor salak, eta, horregatik, absolbitu egin ditu Udalbiltza bera eta hango kide edo langile izateagatik auzi horretan epaitu dituzten hogei euskal herritarrak —hautetsi edo alkateak, guztiak—. «Udalbiltza ETAren proiektu bat dela esaten duen hipotesiak ez du balio. Hautetsien batzarra ideia eta proiektu abertzale bat da, besterik gabe; ez proiektu terrorista bat», dio Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek idatzi duten epaiak. Horrela, hankaz gora bota du Baltasar Garzon epaileak polizia txostenetan oinarriturik aurrera eraman zuen tesia. Nolanahi ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ia zortzi urte behar izan ditu berak abiatutako auzibidea ixteko, eta, bitarte horretan, hamahiru lagun pasatu dira espetxetik eta 21 lagun auzipetu dituzte.
Epaia irmoa izateko bidean da, gainera, Fiskaltzak atzo jakinarazi baitzuen helegiterik ez duela jarriko. Berri agentziei Fiskaltzako iturriek esan dietenez, ondo argudiatuta dago atzo ateratako epaia, eta «froga faltan» oinarritzen da. Orain froga falta onartzen duen arren, auzipetuak errudun zirela defendatu zuen Juan Moral fiskalak epaiketaren azkenen egunera arte. Nolanahi ere, Dignidad y Justicia herri akusazioak ere badu aukera Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
61 orrialdeko epai zorrotza idatzi du Egunkaria auziko absoluzio epaia eman zuen epaimahai berberak. Udalbiltzaren eta ETAren arteko loturak frogatzeko ezer ez dagoela dio, behin eta berriz. Eta, hori pentsatzeko zantzuak egon daitezkeela aitortu arren, haiek inondik inora froga gisa ezin direla hartu nabarmendu du. Areago, zantzu horien gainean interpretazio bat baino gehiago egin daitezkeela dio, eta, beraz, ez dutela indarrik. Horren guztiaren ondorioz, argi idatzi du: «Ez da frogatu Udalbiltza ETAren proiektu bat denik, edo talde kriminalaren kontrolpean edo zuzendaritzapean aritzen denik. ETAk bere jarduera delituzkoa justifikatzeko erabiltzen dituen helburuak Udalbiltzaren helburuekin sintonian egoteak eta bat etortzeak ez du esan nahi delitua dagoenik».
Hogei auzipetuak banaka hartuta, haien kontra egiteko ezer ez dagoela ere ebatzi du epaimahaiak. Eta azpimarratu du poliziek beraiek aitortu zutela epaiketan auzipetu bakoitzari buruzko ikerketa pertsonalik ez dela egin.
Epaimahaiak puntuz puntu aztertu ditu Fiskaltzak eta Dignidad y Justiciak (DJ) auzipetuen kontra egindako akusazioak, haiei arrazoia kenduz.
1. Diru publikoen erabilera okerra
DJk bukaeraraino eutsi dio diru kontu publikoen erabilera okerra egin izanaren akusazioari. Hiru auzipeturen kontrako akusazio hori defendatu zuen Juan Moral fiskalak ere hasieran, baina bukaeran erretiratu egin zuen. Honela dio epaiak: «Ez da agertu ETAk Udalbiltzatik, Udalbiltza Partzuergotik edo haren barneko beste ezein egituretatik dirua jaso duenik». Gogora ekarri du perituek beraiek epaiketan aitortu zutela «inoiz ez dutela esan Udalbiltzan irregulartasun ekonomikoak izan direnik».
2. Perituak
Auzitegi Nazionalean ohikoa da poliziek eta guardia zibilek peritu gisa deklaratzea. Gomez Bermudez buru duen epaimahaiak dio Auzitegi Goreneko jurisprudentzian oinarrituta haiei onartu dakiekeela peritu izaera. Nolanahi ere, haiek aurkezten dituzten txostenek izaera periziala duten edo ez aztertu behar dela dio. Auzitegiak, gaian aditua ez delako, bere kabuz atera ezin dituen ondorioetara iristeko balio dutenean dira txosten horiek perizialak, baina, tribunalaren irudiko, hau ez da kasua. Txostenak «jakintza iturri desberdinen analisiaren ostean egindako tesia» direla dio. «Tesi hori akritikoki hartu zuten instruktoreak eta akusazioek, eta ez dute bat egiten Tribunalak froga multzoaren analisi zuzen eta ordezkaezina egin ostean atera duen ondorioarekin».
3. Talde terroristako kide
Talde terroristako kide izatearen akusazio horren oinarrian polizien hipotesia dagoela dio tribunalak, eta hipotesi hori Udalbiltzaren beraren dokumentuetan eta beste batzuetan oinarritzen dela. Baina tesia Udalbiltzako kide batzuen eta ETAren «bat-egite ideologikoan» oinarritzen dela dio; «eta hori ez da inongo delitua». Gainera, perituek auzi saioetan onartutakoa absoluzioa emateko nahikoa dela dio. Izan ere, haiek esan zuten ezin dutela frogatu auzipetuak ETAren aginduz aritu zirenik.
4. 'Zutabe'-ak
ETAren Zutabe aldizkari batzuk, Alternatiba demokratikoa eta beste zenbait testu ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturatzat aurkeztu zituzten akusazioek. Baina haietan agertzen diren testuen gainean egiten diren interpretazioak ez dira «posible diren bakarrak», epaimahaiaren iritzian, eta kasu batzuetan «arrazoizkoenak» ere ez direla dio. Honela dio une batean: «Auzipetuen kontrako ondoriorik ezin daiteke atera, Udalbiltzako kide izate hutsagatik».
2003ko foru eta udal hauteskundeetan aurkeztu ziren herri plataformen sorreran ETAren aginduz parte hartzea ere egozten die akusazioek Udalbiltzari. Halako baieztapenik ezin duela bere egin dio epaimahaiak. Gainera, baieztatuko balitz ere hori ez litzatekeela froga dio, baizik eta zantzua.
5. Nazioarteko biltzarra
Udalbiltzak nazioarteko biltzarra «Ekin-Batasunaren» aginduz antolatu zuela diote akusazioek. Hori, frogatzekotan ere, zantzua litzatekeela dio tribunalak: «Erabat frogatu gabeko zantzua litzateke, eta, beraz, akusazioentzako ez luke balioko».
Errugabetzat jo dituzte Udalbiltza eta hogei auzipetuak
ETAren eta Udalbiltzaren arteko loturarik ez dela frogatu argudiatuta, absoluzio epaia eman dute, auzia abiatu eta ia zortzi urtera«Froga falta» onartu du Fiskaltzak, eta jakinarazi du ez duela helegiterik jarriko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu