Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten duela hiru urte Bilbon. Ordutik, haren kontrako hiru epaiketa izan dira. Joan den astean hasi zuten azkena, eta lehen aldia izan da hilketa batengatik epaitu dutena. Hain justu, 2021eko urriko gertaera batengatik epaitu dute: gizon bat hiltzea egotzi diote, kreditu txartela lapurtzea, kutxazain automatikoetan dirua ateratzeko bankuko gakoak aldatzea eta hainbat tokitan erosketak egitea. Gaur, zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo du gizona.
Epaiketan, akusatuak iruzur delitua aitortu du, baina ukatu egin du gizona hil izana. Epaimahaiak, ordea, bestelako iritzia agertu du. Bederatzi herritar izan dira epaimahaiaren parte. Hilketa eta indarkeriazko lapurreta delituengatik, zazpi kidek erruduntzat jo dute; beste biek, berriz, ez. Horrez gain, aho batez erabaki dute erruduntzat jotzea iruzur delituagatik eta egoera zibilaren usurpazioagatik. Indultu eskaera ez dute onartu.
Epaimahaiak frogatutzat jo du akusatua biktimaren etxean egon zela eta gizona hil eta gero banketxera deitu zuela gakoak aldatzeko eta haren kontuetan sartu ahal izateko. Hortaz, fiskaltzaren eta akusazioaren planteamenduaren alde egin dute. Nahiz eta zuzeneko frogarik ez egon, uste dute heriotza «bateragarria» dela «indarkeriazko hilketa batekin», eta akusatuak «zehaztu gabeko bitarteko edo moduekin» hil zuela gizona.
Epaimahaiaren erabakiaren berri izan eta gero, fiskaltzak 25 urteko zigorra eskatu du hilketa delituarengatik, bost urtekoa lapurretagatik, hiru urtekoa iruzurragatik eta urtebete eta erdikoa egoera zibila usurpatzeagatik. Hau da, oro har, 34 urte eta erdiko zigorra eskatu du akusatuarentzat.
39 urteko zigor eskaera
Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteak, berriz, —herri akusazioa eta akusazio partikularra da— 39 urtekoa eskatu du: 25 urteko zigorra hilketa delituarengatik, bost urtekoa lapurretagatik, hiru urtekoa iruzurragatik, beste hirukoa iruzur informatikoarengatik eta beste hirukoa egoera zibila usurpatzeagatik. Horrez gain, eskatu du espetxetik irten eta gero akusatua ez dadila biktimaren edo senideen herrian bizi hamar urtez, eta ez dadila senideekin harremanetan jarri. Familiarentzako 150.000 euroko kalte ordaina ere eskatu du.
Akusatua Basauriko (Bizkaia) espetxean dago orain. 2022ko maiatzean atxilotu zuten, Bilbon izandako zenbait hilketarekin zerikusia zuelakoan. Izan ere, 2021eko irailetik urrira bitartean, zenbait gizon hilda aurkitu zituzten Bilbon. Hasieran, ikerlariek pentsatu zuten denak «berez» hil zirela, baina geroago jakin zuten hildako guztiek erabili zutela gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioa, eta hil ondorengo egunetan dirua desagertu zela biktimen kontu korronteetatik. Gutxienez bost hilketarekin harremana izatea egozten diote akusatuari.
2023ko urrian egin zuten akusatuaren aurkako lehen epaiketa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Gizon bat hiltzen saiatzeagatik epaitu zuten, eta zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten. EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, hamar urtera igo zion zigorra, hilketa saiakeraren delitua egotzita. Iazko urrian, bestalde, gizon horren kontrako bigarren epaiketa hasi zuten. Hilabete geroago, bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, iruzur delitu batengatik.