Parisko Zigor Auzitegiak frogatutzat eman du Mikel Irastorza ETA zeneko «kide aktiboa» izan zela, baina ez dira gai izan zehazteko «zer gradutan» izan zen kide. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote ezker abertzaleko militanteari, eta horietatik hamazazpi hilabete, gibelapenarekin. Funtsean, hemeretzi hilabeteko zigorra da Irastorzak jaso duena, hau da, jadanik betea duena. Bost urteko epean maila bereko deliturik eginen ez balu, ez ditu gainerako hamazazpi hilabete horiek kartzelan bete beharko. Halaber, epaimahaiak ez dio Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko debekurik eman —Azkainen (Lapurdi) du bizilekua gaur egun—, eta ez du Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartzeko eskatu. Azkenik, Euskal Herrian izan den «baketzea» aintzat hartu du epaileak, erabakiaren berri emateko orduan. Sei ordu inguruko auzi saioaren ondotik, «pozik» agertu zen defentsa, atzo arratsean, epaimahaiaren ebazpenaren berri izan ondoren.
2016ko azaro hasieran atxilotu zuten Irastorza, Azkainen, baina hilabete gutxira aske gelditu zen kontrol judizialpean. Atzo egin zuten haren kontrako epaiketa Parisen, ETA zeneko kide izan zelakoan, helburu terroristak zituen gaizkile taldeko kide izatea leporatuta. Atxilotu zutenean, ETAko «buruzagi nagusi» zela zabaldu zuen Espainiako Barne Ministerioak, baina instrukzioaren ondotik, 2012 eta 2017 bitartean ETAko «kide aktibo» gisa aurkeztu zuen ikerketa eraman duen epaileak. Irastorza atxilotzean atzeman zioten materialak eta ETAri lotutako hainbat prozeduratan aurkitutako bere aztarnek osatzen zituzten akusazioaren elementu nagusiak.
ETArekin harremanean izan zela, bai, baina ETAko kide izan zela ukatu zuen ezker abertzaleko militanteak atzo. Bere kontakizunean, 2010ean joan zen Ipar Euskal Herrira, eta Donibane Lohizunen bizimodu «diskretua» zuen. Datu hori, SDAT Polizia Judizialeko Terrorismoaren aurkako Zuzendariordetzak ere hala baieztatzen du bere txostenean. Haatik, 2012ko uda bukaeran ETArekin hitzordu bat izan zuela aitortu zuen Irastorzak: Okzitaniako Tolosan elkartu zen erakundeko kide batzuekin, eta, begiak itxita, mendira eraman zuten. Egun bat baino gehiago egon zen han, ezagutzen ez zituen bi pertsonarekin.
Kontatu zuen, zita horren ondotik, hilabete batzuk eman zituela klandestinitatean, eta ondoren Euskal Herrira itzuli zela. Tarte horretan, «prestakuntza» jaso zuela erran zuen: «nola bizi klandestinitatean, prestakuntza informatikoa eta eztabaida politiko anitz. Ez dut sekula prestakuntza militarrik jaso, ez dut sekula armarik eraman», adierazi zuen. Mendian izandako zitarekin, eta ondorengo klandestinitate epearekin lotu zituen ETAri lotutako hainbat prozeduratan aurkitu izan dituzte bere aztarnak.
Horrez gain, ETAko kideek laguntzeko prest ote zegoen galdetu ziotela ere kontatu zuen Irastorzak. Baietz erantzun zuen, bere arabera, Euskal Herrian abian zen gatazkaren konponbide prozesuan engaiatzeko modua izan zela argudiatuta: «2011tik osoki sinetsi dut jarduera armatuaren bukaeran, baina baita lehenago ere». Ezker abertzalean izandako eztabaida aipatu zuen Irastorzak, eta erran zuen konponbide politikoaren alde ari zen talde batean parte hartzen zuela.
Akusatuaren hitzetan, atxilotua izan baino egun batzuk lehenago jaso zuen bere eskuetan atzeman zuten material informatikoa. ETAk «gordetzeko eta ordenatzeko» eskatu ziola baieztatu zuen, eta horretan saiatu zela erran zuen. Epaileak nabarmendu zuen Azkaingo etxean «dena oso ongi jasota» zegoela. Gainean zeramatzan 3.700 euroak familiak emandako laguntza zirela defendatu zuen Irastorzak, Donostia Donibane Lohizunetik hogei minutura izaki, bisitan joaten zitzaizkiolako. Atxilotu zutenean, ez zeraman ez armarik ezta dokumentazio faltsurik ere.
Ilegalizazioa eta bake bidea
Irastorzaren hitzetan, «atxilotua eta torturatua» izateko beldurrez jo zuen Ipar Euskal Herrira. Garai hartan, jarduera politiko eta kulturala zeramaten militanteen kontra izandako jazarpena kontatu zuen. Testuingurua esplikatzera deitu zuen defentsak Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere, lekuko gisa. XXI. mende hasierako Euskal Herriko testuinguru politikoa esplikatzen hasita, 2003ko otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ren itxiera agindu zuela kontatu zuen. «Zuzendaritza osoa, ni barne, ETAko buru izateaz akusatua izan zen». Hamar atxilotuetatik seik torturak salatu zituztela azaldu zion epaimahaiari, eta, bere kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuela, salaketa behar bezala ikertu ez izana leporatuta.
Guardia Zibilaren orduko tesia aipatu zuen Otamendik: «Euskararen promozioa legala da instituzio publikoek egina bada, baina herri mugimenduko eragileek egina bada, ETAren agindupean egina da. Horrek dakar halako edozein taldetan parte hartzen duen edozein pertsona ETAko kide gisa asimilatua izanen dela». Testuinguru horretan kokatu zuen Irastorzak erratea ez zela seguru sentitzen. «Egunkari bat ixten duten heinean, intseguritate sentsazioa erabatekoa da, edozer bilakatu daitekeelako ETAren parte».
Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari gisa Euskal Herriko eta nazioarteko gatazken konponbideak hurbiletik segitu izan dituela esplikatu zuen Otamendik. Euskal Herrikoa «alde bakarrekoa eta klandestinoa» izan dela erran zuen, eta Kolonbiakoarekin alderatu zuen, estatuekin adostutako prozesuak askoz ere argiagoak direla ebatzita.
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere deklaratu zuen lekuko gisa. Aieteko Konferentzia Espainiako eta Frantziako estatuei konponbide prozesuan parte hartzeko eskatu zitzaiela gogoratu zuen, hala izan ez dela deitoratuta. Azpimarra berezia egin zion 2017ko apirilaren 8ko armagabetze egunari, eta esplikatu zuen Bernard Cazeneuve garaiko Frantziako lehen ministroarekin izandako elkarrizketaren ondotik, «ez eragoztea» erabaki zutela. Samuel Vuelta Simon garaiko Baionako prokuradorearekin elkarlanean egin zuten. Auzitegietan 2011tik aitzineko garaietan kokatzen diren akusazioak entzuten dituelarik «harriduraz» hartzen dituela erran zuen, bere iritziz ezin direlako garai horren testuingurua kontuan hartu gabe aztertu. «Afera hauek hertsiki politikoak dira. Ez dira zuzenbide komuneko aferak bezala epaitu», Etxegarairen hitzetan. «Bake egoera batean sartzeko Euskal Herriaren borondatea erabatekoa da».
«Ez dago ezer prozeduran»
Prokuradoreak bere egin zituen Espainiako Estatutik Irastorzari buruz erran izan dituztenak, eta ETAko buruzagi izan zela iradoki zuen. Halaber, zalantzan jarri zuen ETAren armagabetzea osoki burutu zela. Hori erratea «absurdoa» dela iharduki zuen Serge Portelli defentsako abokatuak, eta prozedura guzia informazio zerbitzuen elementuetan oinarritzen dela salatu zuen. «Hasieratik tesi bat frogatu nahian ari zarete: Irastorza ETAko burua zela. Kide aktibo izan zela erran dezakezue gehienez ere. Ez gehiago. Onartu ezazue zer bilakatu den prozedura hau. Ez dago ezer prozedura honetan».
Xantiana Cachenaut abokatuak argudiatu zuen Irastorzak «bizi normala» daramala Lapurdin. Kazetari gisa ari da Mediabask taldearentzat, eta hainbat hautetsik izenpetutako ziurtagiriak aipatu zituen, bere lanaren harira Irastorzarekin izan dituzten hartu-emanen berri emanez. Militantearen kontrako neurririk ez hartzeko eskatu zuen.
Epaiketa Parisen
Erruduntzat jo dute Mikel Irastorza, baina ez du presondegira sartu beharko
Parisko Zigor Auzitegiak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio, hamazazpi hilabeteko gibelapenarekin. ETAko «kide aktiboa» izan zela ebatzi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu