Abortua. Espainiako Gobernuaren erreforma. Tere Maldonado. FeministAlde taldeko kidea

«Errudunak direla sinetsarazi nahi diete abortatzera doazen andreei»

Lege berria inoizko murriztaileena dela uste du Maldonadok, eta kritiko agertu da, batik bat abortatu aurretiko aholku saioez.

Oihan Vitoria.
2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Epekako sistematik baldintzen eredura. 2013tik 80ko hamarkadara, edo atzerago oraindik. Eta abortua gehiago murriztu ez ezik, emakumeen eskubideak espero ez zitekeen eran gutxituko dituztela. Haserre mintzo da Tere Maldonado (Bilbo, 1966) PPren gobernuak onartu berri duen lege aldaketaz. Ziur dago oinazea areagotuko duela, bai andreen eta bai medikuen artean.

Zertan da kaltegarria lege berria?

Izugarrizko atzerapausoa dakar emakumeon eskubideetan. Jada ahantzita zegoela zirudien bide batean sartuko gaituzte: 1985eko ildora garamatza; ordukoa baino murriztaileagoa da. Kezkagarriena, ordea, abortatzeko eskubidea legez kanpoko ekintza gisa hartzea da. Egun batetik bestera, ehun mila andre inguru gaizkile bilakatuko ditu lege atzerakoiak. Larriena delitutzat jotzea eta Zigor Kodean mantentzea da. Ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko.

Emakumeak biktima gisa tratatuko dituzte, ez delitugile gisa.

Emakumeak ez, baina zer gertatuko da medikuekin? Haiek, bai, zigortu ahalko dituzte, eta ataka estuan jarriko dituzte, arriskuan. Hala, andre askok klandestinitatera jo beharko dute abortatzera, eta horrek emakumeen bizimoduan eta osasunean bete-betean eragingo du. Gogora ekarri behar da, orobat, legeak diru ahalmen gutxikoei egiten diela kalte batik bat. Beraz, dirurik ezean, emakume askok ezingo dute haurdunaldia eten, eta horretarako duten eskubidea ukatuko zaie.

Oinazea areagotuko dela uste duzu?

Zeharo. Sekulako basakeria iruditzen zaizkit ezartzen ari diren neurriak. Abortua ez dute aipatu ere egiten emakumeon eskubide gisa. Zuzenean delituen zorroan sartu, eta gure gorputzari dagozkion erabakiak hartzeko gaitasuna kentzen digute. Nolabait esateko, subjektu izateko ahalmena kentzen digute andre guztioi.

Epekako sistema bertan behera uzteak zer desabantaila ekarriko ditu?

Europan nagusi den eredutik aldenduko gara, horrek dakarren guztiarekin. Nahi gabeko haurdunaldiak nabarmen gehituko dira.

Orainoko ereduarekin, aldiz, ez zenuten erabateko adostasunik erdietsi.

Jarrera anitz daude feminismoan. Oro har, baina, aurreko legea ez genuen gustuko, emakumeek arrazoiak eta azalpenak eman behar izaten zituztelako abortua justifikatu ahal izateko. Prozesuan zeresan gutxien haurdun dagoen andreak du, zoritxarrez. Gure borondatea errespetatzeko eskatzen dugu.

Zer iruditu zaizu legearen izenburua?

Kontzebitu ezina izanik ere, bizitza gizatiarra ematen diote haiekespermatozoideak obuluarekin batzen diren momentutik. Dena dela, emakumeen %90 inguruk haurdunaldiaren lehen asteetan abortatzen dute. Nerbio sistema garatu gabe dagoenean. Orduan, ez da inondik inora hilketa bat.

Erlijio sinesmenek eragina dute?

Bai. Pentsaera horiek errespetatzen ditugu, baina ezin dute bekatuarekin eta delituarekin parekatu beraien sinesmenetik aldentzen den oro. Gainontzeko ideien pluraltasuna bermatu nahi dugu. Guk ez diegu ukatuko horrela bizitzeko aukera, baina haiek ez dezatela kontrakoa egin. Utz gaitzatela behingoz bakean gure sinesmenen arabera bizitzen. Gezurra dirudi oraindik ere horrela egotea. Amatasuna aukera bat da emakumeontzat, ez patua. Erdi Arora eraman nahi gaituzte.

Proposamenaren onarpena hainbeste atzeratzea PPko barne desadostasunen seinale dela deritzozu?

Horrela dirudi. Askok ez dute bidezkotzat jo, eta iruditzen zait eskuin muturreko kristau katolikoek alderdiari inposatutako iritzia dela. Finean, PPko gehiengoa ere ez dago legearen alde; gizartearen zati txiki bati baino ez dagokio. Sasoi egokiena aprobetxatu dute, gainera, legea onartzeko. Jendeak oporrak hartu dituenean, ahalik eta eragin gutxien sortzeko.

Zer iritzi duzu abortatu baino lehen aholku saioak jasotzeaz?

Zentzugabekeria dela, eta abortatzera doazen emakumeen iritzia baldintzatzeko asmoz harturiko erabakia dela. Lagungarriak izan ordez, errudunak direla sinetsarazi nahi diete, biktima direla esanez ahoa puzten zaien bitartean.

Adingabeek, orobat, gurasoen baimena beharko dute abortatzeko.

Berri txarra bada ere, adingabeen gehienek gurasoen onespenarekin abortatzen dute. Iritzi kontrajarriak dituztenak egon daitezke, halere. Horrelako kasuetan, gurasoek adingabea behartu dezakete nahi ez duen umea izatera?

Zer erantzun duzue esku artean?

Protestei eutsiko diegu, eta elkartasuna antolatzeari ekingo diogu, indarrak metatuz. Atzerrira irteerak egitea ere aztertuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.