Bukatu da Egoitz Urrutikoetxearen auzitegietako ibilbidea. Zigorrik gabe eta libre itzuliko da etxera. Erruduntzat jo arren, haren kontrako kondenarik ez ezartzea erabaki du Parisko Dei Auzitegiak. Apiril bukaeran epaitu zuten, 2005ean Frantziako Vichy herrian ETAk erabili zuen etxebizitza bat alokatzeagatik. Prokuradoreak bi urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren kontra, gibelapenarekin. Urrutikoetxeak epailearen aitzinean deklaratu zuen ez dela «sekula» ETAko kide izan.
2015eko udazkenean atxilotu zuten Urrutikoetxea, eta ordutik auzitegietan joan-etorrika ibili da, haren kontrako auzibideak prozeduretan katramilatu baitira. 2005eko Genevako elkarrizketa saiakeren garaikoak dira haren kontra plazaratu izan dituzten akusazioak. 2021ean Parisko Zigor Auzitegian epaitu zuten, 2003an eta 2005ean ETAko kide izatea leporatuta. Orduan kontatu zuen Batasunako arduradun zelarik Josu Urrutikoetxea aita lagundu zuela ziklo armatua bukatzeko elkarrizketak prestatzen. Horren ondoren Euskal Herritik urruntzea eta «distantzia» hartzea erabaki zuela erran zuen, eta Alpeetan eta Parisen bizi izan zela, diskretuki, baina bizitza publikoa eginez. Auzitegiak orduan ebatzi zuen ezin zela frogatu garai hartan ETAko kide izan zenik.
Urrutikoetxea pozik atera da auzitegitik, eta adierazi du epaiak argitara ematen duela prozedura antiterroristak zein «zentzugabeak» izan diren urteetan. Gehitu du gisa horretako auzi «anakronikoak» bukatzeko tenorea dela.