Erruduntzat jo dituzte 'bakegileak', zigortu gabe

Etxeberriri eta Molleri zigorrik ez jartzea erabaki du Parisko Zigor Auzitegiko epaimahaiak. 'Bakegileek' ontzat eman dute epaia, eta elkarrizketarako deia egin diete Frantziako eta Espainiako gobernuei.

Molle eta Etxeberri, aretora sartu aurretik, Parisen. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Molle eta Etxeberri, apirilean egin zieten epaiketan, Parisen. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 16a
13:34
Entzun

Parisko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo ditu Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle, baina zigorrik ez jartzea erabaki du. Apiril hasieran epaitu zituzten bakegileak, 2016ko abenduan Luhusoko Errekartea baserrian ETA zenaren armategiaren parte bat desaktibatzeko ekintza egiteagatik. Fiskaltzaren arabera, frogatua gelditu zen bi auzipetuek ETAren helburuen arabera jardun zutela, eta biak zigortzeko eskatu zuen.

Hala ebatzi du epaileak ere: erran du delitua osatua dela, hau da, frogatua dela helburu terroristak zituen erakunde batekin harremanean armak eta lehergaiak garraiatu zituztela; baina auzipetuen «helburua» aintzat hartu du —epaiketan deklaratu zuten Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuari bultzada emateko borondatea zutela— zigorrik ez jartzeko. 

Auzitegi gelaren kanpoan egin dituzten adierazpenetan, Etxeberri «kontent» agertu da auzitegiaren erabakiarekin. «Erruduntzat jo gaitu, baina bertan behera utzi du kondena, gure helburua ez baitzen arma horiek beste delitu batzuetarako erabiliak izatea, horiek neutralizatzea baizik, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko».

Etxeberrik uste du bakegileen ikuspegiari indarra eman diela erabakiak: «Egindakoa berriz egingo genuke, inolako zalantzarik gabe», adierazi du. «Euskal Herriko gizarte zibileko ordezkari guziek behin eta berriro erran izan dute: Luhusoko ekinaldi kolektiboa baliagarria eta onuragarria izan zen alde guzientzat». Mollek erran du nahiago izango zuketela errugabetzat jo izan balituzte, baina «garaipena» dela. Garaipena, epaimahaiak nolabait ontzat eman duelako haiek egindako ekintza politikoa.

Halaber, Etxeberrik erran du lanean segitu behar dela elkarrizketa sustatzeko. «Aktualitateak erakusten digu gurearen gisako herrien aitzinean entzungor egoteak dituen ondorioak. Entzungor egote horrek Korsika sutu zuen orain dela gutxi, eta Kanakya sutu du orain. Guk entzunak izatea eskatzen dugu, elkarrizketa eta bake bideak sustatzea. Euskal Herrian bada horretarako bide orri bat: Frantziako eta Espainiako gobernuei eskatzen diegu bide orri hori elika dezatela, bake orokor, justu eta atzeraezin bat eraikitzeko». 

Hala, bakegileek ontzat eman dute Parisko Zigor Auzitegiaren epaia, eta ez dute haren kontrako helegiterik jarriko. Ikusteko dago zer erabakiko duen terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak: hamar eguneko epea du erabakiari dei egiteko. «Fiskaltzari dei egiten diogu historiaren arabera eta zentzuan jardun dezan», adierazi dute bakegileek ohar batean. 

Luhuson egindakoa defendatu dute oharrean, eta adierazi dute hautetsiek eta gizarte zibilak igurikatzen zuten ekinbidea izan zela. «Frantziako eta Espainiako estatuek bake justu eta iraunkor baten eraikitzearen ukatzeari eta lurralde baten nahiari erantzun zion. Luhusoko ekimenak permititu zuen blokeoa gainditzea eta presoen auzian, biktimen errekonozimenduan eta elkarbizitzaren eraikuntzan ezinbesteko aitzinamenduak ematea».

Preso eta iheslariak

Bakegileen hitzetan, gaur auzitegiak emandako erabakitik harat, «ezinbestekoa» da aitzina egitea. «Presoen eta iheslarien eskubideak eta etxeratzea errespetatuak ez badira, biktima guzien errekonozimendurik gabe, elkarbizitzari ateak ireki gabe eta memoria lana egin gabe, bake justu eta iraunkor baten koadroa ez da posible izanen. Baina koadro hori eraikitzen ahalko da baldin eta autoritate politikoak inplikatzen badira. Horretarako, eta orain arte erakutsi izan dugun bezala, gizarte zibilaren eta hautetsien inplikazioa erabakigarria izanen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.