Errua Aznarezi bota, eta legealdia amortizatutzat jo du Orain Baik

Parlamentu taldearen izena aldatzeagatik, Ahal Dugu-k epaitegietan jarritako salaketa sinatzea aurpegiratu diote Ainhoa Aznarezi. Ez dute argitu alderdia sortuko duten

Laura Perez, Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco, atzo, parlamentuko prentsa aretoan. IÑIGO URIZ /FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre, Joxerra Senar
Iruñea
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ortzegunean parlamentua hankaz gora utzi ostean, azalpenak emateko ordua iritsi zitzaion atzo Orain Bai taldeari. Legealdia amaitzeko hiru hilabete falta dira, eta 2019ko aurrekontuak onartu eta berehala Ahal Dugu-ko Mikel Buil, Ainhoa Aznarez —parlamentuko presidentea— eta Tere Saez kanporatzeko agiria aurkeztu izanak ustekabe handia eragin du. Batez ere, aukeratutako uneak. Horren aurrean, legealdia amortizatutzat jo zuen Orain Baiko Carlos Cousok: «Benetan garrantzitsua den guztia itxita dago».Erabaki polemikoa justifikatzeko orduan, Aznarezi bota zion errua.

Ikusmin handia piztu zuen agerraldiak, bai kazetarien artean, bai legebiltzarkideen euren artean ere. Bertan ziren taldetik kanporatu asmo dituzten Mikel Buil eta Tere Saez, baita bertze taldeetako zenbait parlamentari ere.

Haien arteko liskarrak bideratuta zeudela zirudien arren, fokuetatik kanpo, udan berpiztu zen gatazka. Kritikoek izena aldatu zioten parlamentu taldeari: Nafarroako Ahal Dugu-ren alboan Orain Bai izena txertatu zuten. Aldaketa hori iruzurra delakoan, Ahal Dugu-k salaketa aurkeztu zuenepaitegietan, eta bertan Aznarezen sinadura azaldu izanak Orain Baikoak asaldarazi ditu.«Kafkarra da parlamentuko presidenteak parlamentuaren beraren erabaki bat salatu izana», azpimarratu zuen Cousok.

Horrez gain, Aznarezen kontra egitekoarrazoi gehiago zituztela nabarmendu zuen.«Kargu publikoa bere betebehar pertsonalak betetzeko erabili du. Horrek apurtu egiten ditu 2015. urtean hartu genituen konpromiso politikoak».Parlamentuko gai zerrenda «manipulatu» eta bere interesekoak ez diren gaiak baztertu izana egotzi zion. Gainera, zerbitzu juridikoak estutzea eta presidentetza kargua helburu «pertsonalerako» erabiltzea aurpegiratu zion. Auto ofiziala erabili duela salatu zuen Cousok, eta, adibide gehiago zituela aipatu arren, ez zuen argibide gehiago eman. Azkenik, erakundeko presidente izanik ere, parlamentari lana behar bezala ez egitea egotzi zion: «Lau urtean, ez du aurkeztu ekinaldi legegilerik».

Ahal Dugu-k kritikatu du Orain Baikoen erabakiak taldearen dirua kontrolatzeko nahiari erantzuten diola. Parlamentuko ikuskatzaileak, joan den urtetik, blokeatua du taldeak hilero jaso beharreko dirua. Dirua jasotzeko, taldeko zazpi legebiltzarkideen sinadura behar da. Orain, Ahal Dugu-ko hirurak kanporatuko balituzte, diruaren kontrola lukete. Orain Baiko Ruben Velascok ukatuegin zuen akusazio hori, eta azpimarratu zuen benetan hala balitz orain dela urte eta erdi hartuko zutela erabakia, eta ez orain: «Ahal Dugu-koak dabiltza diruaren atzetik».

Diruaren atzean, alderdi berri baten sorreraren itzala ikusten dute batzuek. Hilabetez luzamendutan ibili dira, argi utzi gabemaiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko diren edo ez. Laura Perez saiatu zen galderari izkin egiten, baina, azkenean, kazetariek behin eta berriz errepikatu ondoren, berriro aurkezteko atea zabalik utzi zuen: «Unea iritsiko balitz eta eskatuko balidate, luze pentsatu beharko nuke». Hauteskundeei begira, Ahal Dugu kritikatzeko baliatu zuen agerraldia: «Ahal Dugu-k ez ditu 2015ean aurkeztutako ideia berak».

Mikel Builen erantzuna

Hain zuzen ere, une horretan aretotik alde egin zuen Builek. Orain Baikoen azalpenak gertutik entzuteko asmoz bertaratu zen,eta Perezen salaketak haserrea piztu zion. Builen ustez, Orain Baikoek ez zuten benetako arrazoia argitu: «Lau pertsona horiek kaleratuak izan dira edo borondatez utzi dute alderdia, baina eserlekuetan geratu dira. Taldearen kontu ekonomikoak kontrolatu nahi dituzte, norabait doan estrategia bati erantzunez».

Larritzat jo zuen Kontu Auzitegiak ikuskatu beharreko alderdiaren finantzak lau parlamentari horien erabakien menpe uztea, diru publiko horren ardura alderdiari dagokiolako. «Nahiago izan dugu sakrifikatu eta taldeari dagokion diru hori blokeatu, beste kontu batera desbideratu baino, prebarikazioa izan litekeelako».

Behin krisia lehertuta, Nafarroako Ahal Dugu-k Geroa Bai eta EH Bildu interpelatu ditu, parlamentu mahaian eskaera hori atzera bota dezaten. Aitzitik, alderdiok arduraz jokatzeko eskatu diete bi aldeei, eta hurrengo asteetan Orain Baik eskaera atzera bota dezan saiatuko dira. Araudiaren arabera, hamar lanegunen buruan deitu behar litzateke Parlamentuko Mahaira, eta, oposizioaren eskaerei muzin eginez, urtarrilaren 8an izango da. Bileran, azterketa juridikoa eskatuko zaio legelari nagusiari. Dena den, aurreko legealdian, Aralarrek Geroa Baiko bi parlamentari kanporatu zituenean, ondorioztatu zuen talde batek bere burua berrantola zezakeela, eta mahaiak erabaki hori onetsi zuen.

Jokaleku hori eragozteko, hilabete inguru geratzen zaie, baina, asteotan eskaerak aurrera egitea lortuz gero, mahaiak beste hamabost egun lituzke osoko bilkura berezira deitu eta presidente berria hautatzeko. Tentsioa laukora zabalduko da, eta, legealdia amaitzeko hiru hilabeteren faltan, hainbat lege daude onartzeko: udal maparen erreforma, berdintasun legea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.